[Galeria] Udaberri arraro honetan falta zena: elurra!
Elurra ari du. Negu beteko eguraldia dute iragarria gaurko eguraldiaz arduratzen diren zerbitzuek. Etxean gozatu beharko, ordea, geruza zuriaz.
Koronabirusaren krisiak udaberriaren hasiera oso ezohiko izatea ekarri du. Eta gaur goizean, beste osagai bat gehitu zaio ezohikotasun horri: elurra. Oiartzunen behintzat, elurra ari du eta karrikak eta zelaiak zuritzera heldu da. Beste herrietan ere erori dira herriguneetan malutak, baina batez ere auto eta berdeguneetan gelditu dira.
Izan ere, Euskalmetek iragarria du gaurko eta bihar goizerako 300-500 metroko altueran elurra egin dezakeela (bihar arratsaldean beste fronte bat iritsiko omen da, baina epelagoa). Hau da, gaur eta bihar negu beteko eguraldia egingo duela.
Hortaz, aurten, urteko lehen elurtea etxetik gozatu beharko da. Irakurleek irudiak bidal ditzakete, HITZAk publika ditzan, posta elektronikoz.