Olga Leibar: "Indarkeria matxista pairatzen dutenentzako konfinamendua larriagoa da"
Olga Leibar Feminismo zinegotziak ziurtatu du udalak indarkeria matxistaren kontrako lanean jarraitzen duela, eta salatzen jarraitzea garrantzitsua dela.
Olga Leibar Feminismo Saileko arduradun politikoak adierazpenak egin ditu, Covid-19ak sortutako egoeraren harira.
Esan duenez, hainbat ekitaldi bertan behera geratu dira: Empalabramiento tailerra, Zinegoak-en filmen emanaldia… Herriko hainbat eragileekin zuten dinamikari ere eragin dio salbuespenezko egoerak. “Bestelako lanak normaltasunez ari gara egiten, etxetik era telematikoan”, gaineratu du Leibarrek. Zerbitzu horietako autolaguntza zerbitzuarena da.
Indarkeria matxistaren kontrako borroka da udaleko sailaren borroka nagusietako bat —nagusia ez bada—, eta hainbatetan berretsi dute arreta telefonoak martxan daudela. “Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako eta beraien senideentzako oso larria da egoera. Ohiko baldintzetan bizi dutena gogorra bada, zer esanik ez itxialdian”, zehaztu du.
Jarraitu duenez, indarkeria matxistari buruzko datuak publiko egin dituzte, eta salaketa kopuruak behera egin duela izan daiteke. Horren atzean, uste du Leibarrek, beldurra egon daiteke. “Konfinamendu egoeran are handiagoa izan daiteke”, zehaztu du.
Arreta zerbitzuak
Leibarrek nabarmendu du indarkeria matxista pairatzen dutenentzako arreta zerbitzuek lanean jarraitzen dutela. “Garrantzitsua da”, jarraitu du zinegotziak, “bakarrik ez daudela gogoratzea eta mezu hau helaraztea gure sailetik: egoera larrian bazaude edo zaudela uste baduzu, laguntza eska dezakezu honako telefono hauetan”. Honakoak dira telefono zenbaki horiek:
-
Indarkeriaren aurkako SAPEVI zerbitzua: 900 840 111 (24 orduz 365 egunetan).
-
Oiartzungo Udaleko Gizarte-Ongizate zerbitzua: 943 49 05 52.
-
Udaltzaingoa: 943 49 33 11.
-
Larrialdiak: 112.
Jakinarazi duenez, indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako zerbitzua egokitzen ari dira; Feminismo saila Gizarte-Ongizate sailarekin eta Udaltzaingoarekin koordinatzen ari da.
Mobilizazioa eta zaintza
Oiartzungo mugimendu feministak bi aldiz mobilizatu da konfinamendu egoera honetan, leiho eta balkoietatik, indarkeria matxista salatzeko (hilketa Soraluzen eta erasoa Balmasedan).
Leibarrek uste du garrantzitsua dela salaketa bide guztiak erabiltzea, gaiak duen larritasuna azalerazteko: “Sare sozialak, kazeroladak… herrikideok batu eta erantzun kolektiboak emateko bideak dira eta berebiziko garrantzia du erasoak salatzen jarraitzeak, indarkeria gaitzesteak, erasotuari babesa adierazteak eta indarkeria matxistarekiko gure haserrea eta irmotasuna erakusteak”.
Arazoari aurre egiteko beharrezko zerbitzuak bermatu behar direla aldarrikatu du, eta lanketa feminista egin. Gogorarazi du udalak atxikimendua adierazi diela mobilizazio horiei, eta ildo horretan doazela udaletxean jarritako puntu morea zein laua seinaleak.
Bestalde, egun hauetan indartzen ari den kontzeptuetako bat da zaintzarena. Horren harira, esan du zaintza lanek emakume aurpegia dutela.
“Etxeko zaintza, haurren zaintza, helduen zaintza, zaharren egoitzetakoa, mendekotasun egoeran daudenena, osasun arlokoa, garbitzaileena… hainbeste dira eremuak eta hain garrantzitsuak, ezen alor hauekiko dugun begirune falta gordinki pairatzen ari baikaren egun hauetan”, zehaztu du.
Konfinamendu egoeratik irteterakoan, gaiari buruzko hausnarketa sakon bat beharrezkoa izango dela iritzi du. “Eraldaketak bultzatu behar dira, bizitzak erdigunean jartzeko”.