Konfinamendu neurri zorrotzenak bete behar direla esan du EH Bilduk
Konfinamendua nola edo hala arintzeko hainbat eskaera ezin dituela babeste esan du koalizioak. Kutsatutakoen kurba jaistean baloratuko duela esan du.
Covid-19aren harira agindutako konfinamendu egoera arintzeko eskatzen ari dira hainbat kolektibo. Tartean da Oiartzungo hezitzaile eta guraso talde bat. EH Bilduk eskaera horiei buruzko iritzia eman du, udal askotara iritsi baita antzeko proposamen hori.
Koalizioaren osasungintzako batzordeak balorazioaren arabera, ezin dira horrelako eskaerak babestu. “Izan ere, COVID19 pandemiak goia jo ez duen une honetan”, esan du EH Bilduk, “ezinbestekoa da guztiok arduraz jokatzeaz gain, konfinamendu neurririk zorrotzenak mantentzea”. Azken datuen arabera, astearte arratsetik asteazken arratsera 44 pertsona hil ziren Euskal Herrian, eta 664 kutsatu.
Osasun larrialdiaren aurrean hartutako neurriak leuntzen hasteko momentuan beste balorazio bat egingo dutela jakinarazi dute koalizioko kideek. Bitartean, neurri horiekin jarraitzea eskatu du EH Bilduk.
Gaixotasunaren aurrean hartutako estrategia bi fasetan zatitu dute. Lehenengoan, kutsatuen kurba denbora epe laburrean ahal bezain beste jaistea dute helburu. Bigarrenean, kutsatuen kurba horren gorabeherak kontrolatuko dira.
Koalizioak “zaindu gaitezen” batekin bukatu du mezua.