Internet bidez prozedurak egiteko arazoak dituztenei lagunduko die KZguneak
Teknologiaren erabileran zalantzak edota arazoak dituztenentzako kontsulta zerbitzua martxan egongo dela jakinarazi du KZguneak.
KZgunea itxita dago konfinamendu egun hauetan, baina jakinarazi dutenez, bere zerbitzuak ematen jarraituko du. Arrakala digitalean dauden pertsonei zuzendutakoak izango dira zerbitzu horiek. Alegia, herritar guztientzako zerbitzua eskaintzen duten arren, adineko pertsonei zuzenduta dago gehienbat.
Erabiltzaileen zalantza teknologikoak argitzeko telefono zenbakia martxan jarri dute: 943 02 36 70. E-posta bitartez ere jar daiteke harremanetan.
Konfinamendu egoeran, prozedura asko online egin beharko direla gogorarazi dute: “On-line bidezko erosketetan; banku-izapideetan; osasun-karpetara sarbidean; Osakidetzako aplikazioen erabilera eta abar”. Laguntza behar duten herritarrei lagunduko diete.
Gainera, gogorarazi dute zaharren egoitzetan bizi direnentzako laguntza eskain dezaketela, beren senideekin bideokonferentziak egin ditzaten.
Zalantzak argitzeko ordutegia 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara da, astelehenetik ostiralera bitartean.