«Jende asko dugu alboan lanean, erantzun dute»
Larrialdi egoeran herritar askok etxean babeserako maskarak egitea erabaki dute. Cristina Garcia errenteriarra bere dendako materiala probesten ari da horretarako.
Cristina Garcia, Rosmi dendako jabe eta langilea. Ikasketa zentro eta enpresetatik harago, osasun larrialdiari aurre egiteko herritarrek emandako erantzuna ere txalotzekoa da. Askok erabaki dute etxetik mugitu gabe ahal duten neurrian laguntzea, osasun zentroetan beharrezkoak diren gailu eta materiala zerotik sortuz.
Konfinamendu garaian familia askotan ohiko bilakatu da josteko makinaren aurrean ia egun osoa pasatzea. Bizilagun askok erabaki dute euren kabuz premiazkoak bilakatu diren oihalezko maskarak egitea.
Cristina Garcia errenteriarrak Rosmi arropa denda du herriko erdigunean, eta alarma egoerak negozioa ixtera behartu du. «Oso egoera gogorra dela uste dut, eta bai ala bai zerbait egin behar nuela ikusi nuen, ez nuen zalantzarik izan». Hala, oihalezko maskarak egiteko apustua egin du, alabarekin batera. Horretarako, bere egunerokoa eta dendaren baliabideak inbertitu ditu. «Dendan salgai ditugun galtza eta mantalak erabiltzen ari gara. Maskarak egiten ikasteko bideo bat ikusi eta martxan jarri ginen», kontatu du.
Ordu laurden inguru behar du Garciak maskara bakarra egiteko, eta HITZA-rekin aste hasieran hitz egin zuenean, 50tik gora eginak zehaztu zuen, harro. Horretarako, egunero zortzi ordu inguru inbertitzen ditu errenteriarrak, ia dendan bezalaxe.
Etxean egindako maskara hauek, gainera, berrerabilgarriak direla zehaztu du arropa saltzaileak, soilik garbiketa bat behar dutela berriz ere erabili ahal izateko. «Maskarak egiteko materialak %100ean kotoia izan behar du, bestela ez dute euren funtzioa betetzen».
Pozik eta harro dago Garcia lagun, senide eta bizilagunek emandako erantzunarekin. Asko harekin harremanetan jarri direla dio, ahal duten neurrian laguntzeko prest agertu direla. «Zorionez jende asko dugu alboan lanean, herritarrak erantzuten ari dira. Facebook bidez jende askok kontaktatu du gurekin, eta haiek ere maskarak egiten hasi dira».
Adinekoen egoitzetara
Etxean egindako maskarak bereziki adinekoen egoitzetan banatzen ari direla azaldu du Garciak, DYAren bitartez zehazki. «Adinekoek eta bertako langileek maskarak behar dituzte, egoera oso konplikatua baita bertan», adierazi du.
Larrialdi egoeratik harago, luzera begira ere maskarak egiten jarraitzeko asmoa du Garciak: «Maskarak jasotzen jarraitzen duten bitartean, egiten jarraitzeko asmoa dut, herritar guztiek eduki arte».
Oihalak lortu, josi edota banatzeko prest dauden herritarrak behar dituzte alboan. Horretarako, helbide honetara jo dezakete interesdunek, errenteriarrarekin harremanetan jartzeko.
