Haizea Saez de Egilaz: "Abaraxka ideia zaparrada eskaintzen ari da haurrentzat"
Gazteria zinegotziak osasun larrialdiak sortutako egoerari errepasoa eman dio. Eragileen jarduna ez da gelditu, eraldatu baizik.
Beste zinegotziek aurretik egin bezala, Haizea Saez de Egilaz Gazteria zinegotziak bere arloko hainbat gairi errepasoa eman dio udalaren webgunean: ludotekaren jarduna, udalekuak, Biyurrieneakoen txalentxak…
Abaraxka ludotekak eskaintzen dituen zerbitzuak (ludoteka, Familia Eremua, Abaraxka ibiltaria) bertan behera geratu dira larrialdi egoerarengatik. Zerbitzu horiek berriz martxan noiz jarriko dira?
Bizi dugun krisi egoera dela eta ludotekak ateak itxi behar izan zituen eta egia esan, gaur gaurkoz, ez dakigu noiz ireki ahal izango dugun.
Gure asmoa zerbitzuak lehenbailehen martxan jartzea izanik ere, segurtasuna bermatu arte ezingo dugu deus egin; herritarrontzako aisialdiko ekintzak nahi ditugun arren, segurtasuna ezinbestekoa baita.
Hori horrela, beste era batera antolatu ditugu ludotekak eskaintzen dituen zerbitzuak. Egoera eta baldintzak hobetzen direnean, berriro erabakia aztertzeko moduan egongo gara.
Uztaileko udaleku irekietan izen-ematea irekita du Udalak. Hala ere, azken erabakiak maiatzean hartuko dituzue, egoeraren arabera. Nola doa izen-ematea?
Udalekuetako izen-ematea apirilaren 3an itxi behar genuen, ikastetxeetan oporrak hartzearekin batera. Hala ere, administrazioko tramiteen epeak aldatu diren honetan, udaleku irekien izen-emateari ere eragiten ziela ohartu ginen.
Ezin genuen izen-emate epea itxi eta horregatik jarri dugu haurren kopuru muga 500ean. Urtero, 450 haurren bueltan ibiltzen gara eta beraz, egoki ikusi genuen 500 haur izatea kopuru limitea. Momentuz, 419 haurrek eman dute izena eta kopurura iristen garenean antolaketari (hezitzaileak, programaketa…) helduko diogu, birus madarikatu honek uzten badigu. Hala ere, oraindik ezin dugu ziurtatu udalekuak egingo diren edo ez; uztaila urruti badago ere, ez dakigu zein egoera izango dugun.
Momentu honetan ezin dugu bermatu osasun egoera segurua izango denik eta jende pilaketak ez dira mesedegarriak. Hori horrela, erabakia maiatzean hartzea adostu genuen. Beraz, hemendik hiru aste barru-edo jakingo dugu ea aurtengo udaleku irekiekin zer gertatuko den.
Gure asmoa urtero bezala udalekuak egitea da, haurrentzako eskaintza bikaina dela iruditzen baitzaigu eta herritarrek asko eskertzen duten zerbitzua. Erabakia ez dugu asko atzeratu nahi, badakigulako familientzako arazoa izan daitekeela udan haurrak norekin utzi pentsatzea, baina herritarron segurtasuna guztiaren gainetik jarri behar dugu.
Ludoteka irekita ez dagoen arren, familiei aisialdi eskaintza alternatiboak ematen zaizkie OiartzunAurrea-ren eta GazteOiartzun-en blogen bidez, ezta?
Bai. Ludoteka eremu fisiko bezala itxia egon arren, haurrei nahiz familiei zuzendutako eskaintza zabala dago. Herriko beste zenbait elkarte eta norbanakorekin batera OiartzunAurrea ekimena sortu zen. Aisialdirako eskaintza, boluntario sarea eta beste hainbat gauza eskaintzen dira eta Abaraxka ludotekak ere bere aletxoa jartzen du. Sekulako ideia zaparrada eskaintzen dute bai haurrentzat, bai familientzat baina baita heldu, nerabe zein gazteentzat ere.
Haurrei dagokienean, esate baterako, honela banatu dute webgunea: film, marrazki bizidun eta dokumentalak alde batetik; ipuinak eta abestiak, bestetik; plan posibleak eta azkenik, link interesgarriak.
Atal horietako bakoitzean, hainbat informazio jarri dute: irrati edo telebistetan egunero emititzen dituzten saioen berri eman, zein ordutan eta non emititzen duten esanez eta orrialderako esteka emanez; ipuin kontaketak/antzerkiak/ikuskizunak non aurki daitezkeen; haurrekin etxean egiteko esperimentu eta postreak…
Guztiontzako eskaintza atal bat ere badago eta bertan erronka artistikoak, museoetara bisitak, antzerkia, sukaldaritza, kontzertuak, karaokea, kirola eta dantza, on-line liburutegiak, prentsa… azpiatalak daude. Hamaika herritar ari dira web orria elikatzen eta informazio dezente biltzen ari dira. Erronka artistikoei dagokienean, herriko zenbait artistak parte hartzen dute eta herritarrei botatzen diete amua. Ludotekak haurrak eta familiak animatu ditu parte hartzera, itxialdiko egun hauetan ere haurrei sormenerako eta irudimenerako tartea eskaini behar baitzaie.
GazteOiartzun blogean beste zenbait eskaintza topa daitezke. Abaraxka ludotekak kudeatzen du web orria eta, haurrei eta familiei zuzendutako eskaintza zehatzagoa dago bertan. Bideoak, bertsoak, estekak, ipuin kontaketak, esperimentu proposamenak… Hamaika gauza topa daitezke.
Urtean zehar bertan jartzen dute informazioa, argazkiak, albisteak… Ludoteka itxita badago ere hezitzaileek lanean jarraitzen dute herriko txikienek aisialdirako, irudimenerako eta gozatzeko materialak zein tresnak eduki ditzaten.
Biyurrinea herriko gazteei txalentx proposamenak egiten ari da konfinamendua hasi zenetik. Zer iruditzen zaizu ekimen hori?
Ideia bikaina iruditzen zait, primerakoa. Itxialdia hasi zenean egutegi moduko bat kaleratu zuten eta hor ikus zitezkeen zein ziren asteko txalentx edo erronkak. Hasiera batean bi astetarako bazen ere, luzatu egin behar izan dute bai larrialdi egoeragatik baina baita izan duen harreragatik ere.
Eguneko une garrantzitsuena bihurtu da askorentzat Biyurrieneako txalentxak ikustea eta bide batez, gazteen artean sare bat sortzeko ere balio izan du. Batek txalentxa egin, bestea izendatu, hurrengoak handiagoa…
Garrantzitsua iruditzen zait bizi dugun egoeran elkar zaindu eta elkarri irribarre bat eskaintzeko tartetxoa hartzea egunero. Pantaila batetik bada ere, elkarren berri izaten dugu eta kuadrillakoa, auzokidea edo herrikidearen txalentxarekin gozatzen badugu, primeran; ez dugu urrutira joan beharrik aisialdi euskaldun eta dibertigarri bat edukitzeko.
Gazte Batzarretan jasotako eskaeratik abiatuta, gazteentzako formakuntza saioak prestatzen ari zen Udala. Zer gertatuko da saio horiekin?
Data hauetan egitekoak ginen lan munduaren inguruko saioak baina egoera ikusita, ez ditugu egingo. Egokiena, hau guztia bukatzean gazteekin berriro biltzea izango da eta konfinamenduan zehar ziurrenik beste behar eta interes batzuk sortuko direnez gero, haien ahotsa entzun eta ahalik eta egokien haien nahiak betetzea. Hala ere, lan munduko saio hauek egin nahi ditugu egoerak uzten duenean.