Errenteria-Oreretan espetxeratu bat konfinamendua ez errespetatzeagatik
Atzo atxilotu, eta epaileak espetxeratzea agindu zuen. Hamahirutan hautsi zuen itxialdia 23 urteko pertsona horrek. Lapurreta bat ere egin zuen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du 23 urteko pertsona bat espetxera bidali dutela, hainbatetan konfinamendu arauak ez betetzeagatik. Atzo goizean antzeman zuten pertsona hori, eta eguerdian espetxeratu zuten epailearen aurretik pasatu ondoren. Atzokoarekin, orotara, hamahiru alditan hautsi zituen konfinamendu arauak, Ertzaintzak eta Errenteriako Udaltzaingoak jasota dituzten datuen arabera. Hainbatetan egindako desobedientzia delitua egotzi diote espetxeratuari, baita lapurretakoa ere.
Atzoko gertaeren berri eman du Segurtasun Sailak. Lehenik, 08:15ean kalean geldiarazi zuen Ertzaintzak errenteriar hori, eta bertan egoteko arrazoirik ez zuela eman ziurtatu dute. Etxera joateko agindu zioten.
10:20 pasata zirenean, komertzio batetik hots egin zuten Ertzaintzara: bezero batek erosketa egin, eta ordainketa egin gabe alde egin zuela esan zuten komertzioko arduradunek. Ustezko lapurra geroago antzeman zuten, dendako produktuak zituela; aurretik Nafarroa etorbidean geldiarazitako pertsona berbera zen. Atxilotu, eta epailearen esku utzi zuten 23 urteko errenteriarra. Epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen.
