"Gainditzea errazagoa izango da elkarrekin aritzen bagara"
Konfinamenduan ari da entrenatzen Ane Santesteban txirrindulari errenteriarra. Errepidean aritzea faltan sumatzen badu ere, argi du osasuna garrantzitsuena dela eta etxean egoteko garaia dela.
Gainontzeko herritarrak bezala, konfinamenduan aurkitzen da, etxetik atera gabe, Ane Santesteban txirrindulari profesionala (Errenteria-Orereta, 1990). Ceratizit WNT Pro Cycling Alemaniako taldean ari da lehiatzen. Italian lasterketa batera joanak zirela harrapatu zituen Covid-19aren osasun larrialdiak, «etxetik atera nintzenean ez zegoen hemen halako egoerarik Italian, baina larria zela ohartu ginen», eta hegazkina hartuta, etxera itzultzea erabaki zuten taldekide guztiek.
Galizian konfinatuta dago, bikotekidearen etxean, eta bertan egiten ditu entrenamenduak egunero, arrabolean eta gimnasioan: «Etxe barruan aritzeko aukera dut hemen». Askatasuna falta duela dio, «errepidean bizikleta hartu eta sei orduz aritzea», baina argi du osasuna dela lehentasuna, «etxean egotea dagokigu, hau guztia gainditzen dugun arte».
Mezu argia bidali du, arduraz jokatzeko: «Etxean gelditu, bizitza asko daude jokoan, eta bitartekoak ez daude soberan».
Non harrapatu zaitu Covid-19ak eragindako krisialdiaren harira ezarritako konfinamenduak?
Martxo hasieran Italian genuen lehenengo lasterketa: hemen ezer gutxi entzuten zen, baina Italiara joan nintzenean taldearekin ikusi genuen egoera nahikoa gaizki zegoela.Hegazkina hartu eta bakoitza bere etxera itzultzea erabaki genuen. Gainera, pentsatu genuen lasterketa bertan behera geldituko zela eta hala izan zen gerora, azken unean. Lasterketa larunbatean zen eta ostegunean erabaki zuten bertan behera uztea. Hor hasi zen dena.
Etxera itzulita asko entrenatzeko aukera izango nuela pentsatuz bueltatu nintzen, hurrengo lasterketa hilabete honetan nuelako; gero eta okerrago jarri zen egoera, eta larria zela ohartu ginen berehala.
Errenterian zaude?
Ez. Galizian ari naiz konfinamendua egiten, bikotekidea bertakoa dut.
Gurasoak Errenterian dituzu. Nola bizitzen ari zara egoera Galizian?
Galizian ere nahiko gaizki dago egoera, denean bezala, eta familiarekin bideokonferentziaz edo telefonoz hitz egiten dut. Zaila da egoera, urruti gaudelako.
Kirolari moduan, nola eramaten ari zara itxialdia?
Kirolariok ohituta gaude askatasuna edukitzera, alde batetik bestera gabiltza beti, eta bat-batean egun batetik bestera konturatzen zara daukagun askatasun hori kendu egin digutela. Azkenean, osasuna garrantzitsuagoa da, garrantzitsuena, eta etxean gelditu behar gara denak bezala.
Etxean bai, baina entrenatzen jarraitzen duzu.
Bai, hala da. Dena etxean egin behar dugu, eta horregatik erabaki nuen, besteak beste, konfinamendua bikotekidearekin Galizian egitea. Etxe barruan gimnasioa du, arrabola ere bai, eta azkenean pisu batean baino hobeto dugu entrenatzea dut hemen, baldintzak hobeak dira.
Bera ere txirrindularia da, eta denetarik du entrenatzeko etxean bertan. Errenterian pisu batean bizi naiz, eta arrabolean aritzerakoan bizilagunek zoratuta amaituko lukete [barrezka]. Hemen baldintza egokiagoak ditugu entrenatzeko.
Zer suposatzen du txirrindulari batentzat etxean egon beharrak?
Hasiera batean Italian baimena zuten entrenatzeko; kirolari profesionalen kasuan, kalera atera eta errepidean entrenatzeko aukera zuten. Guk ez genekien zein egoeretan ginen, entrenatzea genuen edo ez. Alarma egoera ezarri baino lehenago, profesionalak ari ginen Whatsapp taldean hitz egiten horretaz. Gero argi gelditu zen ezetz, eta denok, edo behintzat nik, onartu dut erabaki hori, ondo hartu dut. Azkenean osasuna jokoan dago, eta hori garrantzitsuagoa da, beste edozeren gainetik dagoela argi dut.
Hala ere, aitortu behar dut lehenengo egunetan pixka bat gaizki pasa nuela, nire inguruko guztiak lanera zihoazen, ia gehienak gainera; denak lanean daude eta zuk ezin duzu zurea egin, nire lana txirrindularitza delako, eta horrek eragiten dizu. Krisi modukoa izan nuen. Gerora, baina, munduan bizitzen ari garen egoera ikusita, larritasunarekin konturatuta ohartu nintzen txirrindularitza baino askoz ere garrantzitsuagoa dela bizitzea tokatzen ari zaiguna; egoera onartuta, etxean nago, ahal dudana egiten eta inongo estresik gabe.
Zein hitzordu galduko dituzu?
Lasterketa gehienak bertan behera uzten ari dira, ekainera arte. Hortik aurrera ez dakigu ezer, ez dakigu zehazki hurrengo lasterketa noiz izango den. Kirolari bezala oso gogorra egiten da, azkenean helburu batekin entrenatzen duzulako, eta orain gaude arrabolean igota, gimnasioa egiten egunero, baina ez dakigu zehazki zein izango den gure helburua, edo aurten helbururik edukiko ote dugun.
Maldan gora egin zaizu hurrengo lasterketa noiz izango duzun ez jakitea?
Zaila da. Baina horrela da, honakoa da daukagun egoera, onartu behar dugu eta aurrera jarraitu denen artean gainditzeko.
Olinpiar Jokoak ere bertan behera utzi dituzte. Hori nola bizitzen ari zara?
Lasaitasunez. Presio handia suposatzen du. Bi plaza ditugu, baina ez dakigu zehazki nor joango den Tokiora. Denboraldia nahikoa indartsu hastea pentsatua nuen, plaza hori jokoan dagoelako. Etxean egonik pentsatzen nuen ‘uztailean izango ditugu Olinpiar Jokoak, eta ni etxean, entrenatu gabe…’. Arrabola egiten dut, baina gehienez bi ordu egunean. Lasterketak hiru-lau ordukoak izaten dira: nola egiten duzu entrenatu gabe Olinpiar Jokoetara joateko? Estres handia eragin dit horrek, Olinpiar Jokoak bertan behera utzi dituztela jakinarazi zuten arte. Hor jada, lasaitasuna.
Txirrindulari profesionala zara, baina ezin duzu lanik egin egoeragatik. Honek ondorioak izango ditu zure diru sarreretan?
Nik nire soldata daukat, eta nire kasuan ez du eragin. Ukaezina dena da datorren urterako lasterketa askok eta talde askok arazoak izango dituztela aurrera ateratzeko honen ondorioz.
Zein da zure egunerokoa konfinamenduan?
Esnatu eta lehenengo gauza kafea hartuta ikasten hastea da; marketina ikasten ari naiz, eta erabaki nuen egoera honetan ginen bitartean, etxean nagoela aprobetxatu beharra nuela ikasketak amaitzeko, ez nago ohituta, gainera, ezer egin gabe egoten. Asko ikasten ari naiz.
Entrenamenduak, berriz, goizez eta arratsaldez egiten ditut. Ordu erdi egiten dut arrabolean baita gimnasioan ere. Arrabolean ezin ditut sei ordu egin, azkenean asko izerditzen dut eta asko kostatzen zait: bi saiotan banatzen dut eta errazago egiten dut horrela. Hiru edo lau orduko entrenamenduak egiten ditut egunean forma mantentzeko.
“Osasuna da garrantzitsuena, eta etxean geratu behar gara, denak bezala”
“Lasterketak bertan behera uzten ari dira ekainera arte; hortik aurrera ez dakigu”
“Egunero-egunero ateratzen naiz balkoira 20:00etan txalo egitera”
Beste guztiarekin bezala, kirolarekin ere errutina ezartzea garrantzitsua da egoera honetan, ezta?
Bai, hori da. Niri oso zaila egiten zait etxean egotea ezer egin gabe, ez nagoelako ohituta. Gauza asko egiten saiatzen naiz, ez bakarrik entrenatzen, ikasi, kozinatu… Errazagoa da horrela egoera eramatea.
Denbora gehiago duzu orain kozinatzeko ere, beraz?
Bai kozinatzeko bai, baina jatea ez da komeni, gero bestela… [barrezka].
Ateratzen al zara 20:00etan balkoira edo leihora txalo egitera?
Bai, noski. Egiten ari diren lana izugarria da eta dena merezi dute.
Protestarik egin duzu?
Ez, protestarik ez. Egunero-egunero 20:00etan ateratzen naiz, baina txalo egitera.
Kirolariei begira zer dagokie erakundeei egoera honetan?
Egoera oso zaila da, baina nik bakarrik eskatzen nuen erabaki bat hartzea, eta bere momentuan erabaki zuten Olinpiar Jokoak behintzat hurrengo urterako uztea, eta horrek jada lasaitasun bat eman digu kirolari guztiei, hau beste modu batean ikusi eta lasai egoteko etxean. Nik hemendik eskatu nahiko nieke pertsona guztiei, mesedez etxean gelditzeko, azkenean bizitza asko jokoan daudelako, eta bitartekoak ez daudelako soberan ikusten ari garen bezala.
Amets bat?
Nire ametsa orain da nire familia guztiak osasuna edukitzea, eta inor ez gaixotzea.
Zer izaten ari da gogorrena konfinamenduan?
Niretzako gogorrena izaten ari da pertsonekin harremanik ez edukitzea, familia edo lagunekin zuzeneko harreman hori ez edukitzea.
Osasun larrialdia amaitzen denerako plan asko egin al dituzu?
Oso argi daukat. Hau amaitzen denean lehenengo egunean bizikleta hartu eta sei ordu egingo ditut, edo zazpi. Lehenengo egunean bizikleta hartu eta mendian galduko naiz.
Horretaz gain, pixka bat itxoin behar dugu jakiteko zein lasterketa izango ditugun eta horren arabera helbururen bat jarri eta hori betetzen saiatzea.
Fisikoki nola aurkitzen zara, nola ikusten duzu zure burua?
Nik pentsatuta neukan denboraldia ondo hastea, eta hala izan zen. Valentzian (Herrialde Katalanak) izan nuen lehenengo lasterketa eta oso indartsu nengoen, oso gustura aritu nintzen, taldea ere oso gustura gelditu zen lortutakoarekin, azkenean beraiek jarritako helburua bete nuelako. Pena, alde horretatik, ondo ikusten nuelako nire burua, eta zaila delako bat-batean gelditu behar izatea baldintza eta prestaketa egokia dituzula sentitzen duzunean, sasoian sentitzen zarenean.
Orain ez nago pentsatzen, ez dut helbururik jartzen, eta ez nago, egia esan, pentsatzen zer gerta zitekeen egoera honetan ez bageunde. Ez da horretan pentsatu behar, aurrera egin behar dugu, eta hau pasatzen denean helburu bat jarriko dut eta betetzen saiatu.
Galizian egonik, baduzu mezuren bat zure herrikideentzat?
Nahiz eta orain etxetik kanpo denbora asko pasatzen dudan, egia esan beti esaten dut Errenteriakoa naizela. Oso harro nago nire herriaz, eta elkarrizketa hau irakurtzen duten pertsona guztiei eskatuko nieke, mesedez, etxean gelditzea hau denen artean gainditzeko. Talde batean ibiltzen naiz, beste txirrindulariekin, eta kirolari bezala ikusi dut lantaldean elkarrekin aritzen garenean dena errazagoa dela, helburua lortzea errazagoa dela; hau ere errazagoa izango dugu gainditzea elkarlanean aritzen bagara, elkarrekin egiten badiogu aurre.