Intxixu Trail mendi lasterketa bertan behera utzi dute
Egoeraren bilakaeraren zain zeuden Ergoiengo mendi lasterketaren antolatzaileak. Gauzak nola joan diren ikusita, aurten ez dute zazpigarren ekitaldia egingo.
Bertan behera utzi dute aurtengo Intxixu Trail. Covid-19ak sortutako egoerak bizimodua erabat baldintzatu eta aldaketak eragin ditu. Antolatuta zeuden hainbat ekitaldi bertan behera geratu dira. Horietako bat da Intxixu Trail mendi lasterketa.
Zazpigarren ekitaldia ekainaren 7an egitekoak ziren, baina antolatzaileek bertan behera uztea erabaki dute. Azaldu dutenez, egoeraren bilakaera bertatik bertara egiten aritu dira, erabaki bat hartzeko. Gauzak nola doazen ikusita, pentsatu dute ekainaren 7rako baldintzak ez direla egokienak izango.
Ergoien auzoan hasi eta bukatzen den mendi lasterketaren antolatzaileek adierazi dute hartutako erabakia denen onerako izango dela. Intxixu Trail lasterketaren zazpigarren ekitaldiak beraz, itxaron beharko du.
Izen eman zuten lasterkariekin harremanetan jarri da antolakuntza, eta diruaren %100 itzuliko diete.
