Ospitale zentroetan, babes trajeak amets
COVID-19ak zuzenean eragin dien sektore profesionala osasungintza publikoko langileena da. Ospitaletan ez da kolapsorik egon, baina babes neurriak nahi dituzte.
Osasun larrialdi egoera hasi zenetik norbaitek txalotan aitortza jaso badu, horiek osasungintzako langileak dira. Arratsaldero jasotzen dituzte txaloak, balkoietatik.
Nerea —izena asmatua da, ez du nahi benetako izena publikatzea— Oarsoaldeko herri batean bizi den erizaina da, Donostiako ospitaletako eremuan lan egiten du. Hitza-ri jakinarazi dionez, egun bere sailean duten kezkarik handiena Norbera Babesteko Ekipamenduak (NBE) jasotzea da, krisian EPI gaztelerazko siglarekin ezagutarazi direnak.
«Lehenengo bi egunetan bagenituen traje horiek, baina segituan bukatu ziren. Gero NBErik gabe egon gara denbora luzez. Erabili ditugun babes jantziak erdibidekoak izan dira, inpermeableak izan gabe», esan du. Horrez gain, protokolo aldaketa ere izan dute.
«Protokolo bat egiten dute, eta esaten digute berez ez direla behar jantzi inpermeableak… Guk ez dakigu protokoloa stock-aren arabera aldatzen duten, ala zer. Hasieran genituen NBEak ez dira orain ditugunak. Hasierakoak inpermeableak ziren, eta oraingoak, ez; esaten digute horrekin nahikoa dela», esan du erizainak.
Bere ustez, hasierako ekipamenduak dira eurentzako beharrezkoak: «Gure burua babestuago ikusten genuen».
Osasungintzako langileek, ohiko lanaz gain, animoak altxatu behar dituzte
Ildo horretan, beraien eskaera formalak egin dituzte zuzendaritzara. «Hala ere», jarraitu du, «badakigu ekipamendurik ez badigute ematen dela hornikuntzarik ez dagoelako». Nabarmendu du Osakidetzako langileen %20 inguru kutsatu dela, eta hori zerbait ongi ez egitearen seinale dela. «Ehuneko oso handia da. Gure sailean ez da asko nabaritu, baina bai beste batzuetan. Gainera, Bizkaian hil dira erizain bat eta erizain laguntzaile bat».
Horrelako kasuek kezka sortzen dutela gaineratu du, baina era berean, goxo eta txukun jardutera bultzatzen dituela: «Animoak ematen saiatzen gara eta gaixoei ahal den ongien egoten laguntzen diegu. Egunero, nahi dutenei, ematen dizkiegu egunkariak. Jasotzen dituzten animo mezuak inprimatzen dizkiegu».
Beren lana ez da tenperatura edo pultsua hartzera bakarrik mugatzen, alde animikoan zaintzea ere beren esku dago. «Astelehenean baten urtebetetzea zen, eta detaile bat egin genion: poltsa txuri batean zoriontzeko mezu bat idatzi genion, eta denak joan ginen abestera, batzuk kanpoan eta beste batzuk barruan», kontatu du. Pazienteek asko eskertzen dute euren laguntza, osasungintzako langileak baitira parez pare ikus ditzaketen bakarrak.
Etxean gelditzeko deia
Osasun larrialdia hasi zenean, Nereak beldur handia nabaritu zuen osasun zentroan, eritasuna berria zelako eta ezjakintasuna handia zelako. «Gainera», erantsi du, «hildakoak ehunetik ehunera igotzen joaten ziren, eta horrek beldurtu egiten zaitu».
Hilabete pasatu da osasun larrialdi egoera dekretatu zenetik, eta normaltasun ezaren barruan, normaltasun egoera bat ikusten du Nereak. Eurak, gainontzeko langile asko bezala, lanerako bakarrik ateratzen dira etxetik, eta nabarmendu du oso garrantzitsua dela jendea etxean geratzea. «Osasun langileok eredugarri izan beharko genuke. Gero bakoitzak bere bizimodua dauka, baita bere pentsatzeko era ere», argi utzi du.
Larrialdietako langileak dira okerren pasatzen
ari direnak
Norbera babesteko ekipamenduen gabeziaz gain, bada kezkatzen duen beste alorrik: lanera buelta. Asteartean laxatu zen konfinamendu hertsia, eta langileen ehuneko handi bat lanera bueltatzeak suposa dezakeenak ziurgabetasuna sortzen die. «Gu, hala ere, ez gara ohe gabe geratu, ez da kolapsorik gertatu. Alde horretatik, behintzat, lasai lan egiteko aukera izan dugu».
Osakidetzak langile gehiago kontratatu ditu, eta alde horretatik, kexurik ez dutela jakinarazi du. «Lan ordutegia ez da aldatu, gure kasuan behintzat. Jardun osoan daudenei ez zaie ordu gehiago eman, eta murriztuan daudenei ordu gehiago sartzea eskaini zieten. Gehienek baietz esan dute». Aste Santuko jai egunetan ohiko astegunak balira bezala egin dute lan.
Katea zaintzea, funtsezkoa
Nereak azaldu duenez, beraien sailera beranduago iritsi da COVID-19aren eragina, lehen lerroan ez daudelako. «Larrialdietako lankideak dira okerren pasatzen ari direnak. Hasierako pazienteak, gainera, ziren gehien hiltzen zirenak, eta ez gaude ohituta jendea bakarrik hiltzen ikustera. Horrek ere erasaten zaitu», adierazi du.
Berari ez zaio tokatu, baina beste sailetako lankideekin hitz eginda esan diote gogorra dela, eta hoztasunean bizi behar dela, bai osasun zentroetan baita hilerrietan ere.
Osasun zentroko antolakuntzari dagokionez, gauzak ongi eginda daudela ziurtatu du Nereak. «Positibo eman dutenak alde batean daude, eta emaitzaren zain daudenak beste alde batera. Behin ziurtatzen denean positiboa ematen dutela, alde batera bidaltzen dira, eta ez badute ematen, bestera. Kutsa dezakeen bide hori guztia eten nahi da», esan du.
Kate hori luzea da: garbitzaileengandik hasi eta zuzendaritzako kideengan bukatu. Tartean daude zeladoreak, erizainak, medikuak edo administrazioko langileak. Detaile txikiena bera ere kontuan eduki behar da. Adibide bat eman du erizainak: «Otorduen garaian, erretilua ukitzen badu, kutsatuta dago, eta erretilua gelatik atera baino lehenago desinfektatu behar dugu. Arreta jarri behar da gauza txiki horietan guztietan».
Euren solairua bi zatitan banatzen dutela jakinarazi du. Alde batetik, zona zikina esaten diotena, eta bestetik, garbia. Alde zikinean daudenek Norbera Babesteko Ekipamenduekin eta abar egiten dute lan, eta garbikoek pasatzen dizkiete gauzak. Marra batekin bereizita daude bi aldeak. «Lan egiteko beste era bat da, ezberdina».
«Gure kezka handiena», berretsi du Nereak, «NBEak dira. Goikoek erabakitzen dute hori, eta ez dago gure esku». Bere sailean hasierako ekipamenduak gordetzen dituzte, muturreko egoeretan erabiltzeko, pazienteak gertu-gertutik artatu behar dituztenerako. «Erlikiak balira bezala gordeta dauzkagu. Orain jada ohitu gara, baina hasiera batean NBEekin amesten genuen».