Ostirala haurrena izango da Oiartzunen
Abaraxkak, Biyurrieneak eta Oiartzun Aurreak egun osoko egitaraua prestatu dute ostiralerako, haurrak erdigunean jarriz.
Abaraxka ludotekak, Biyurrienea gazte taldeak eta Oiartzun Aurrea iniziatibak elkarlanean, Haurraren Eguna antolatu dute ostiralerako.
Ludotekako langile Nekane Martiarenak Oiartzun Irratiari azaldu dionez, askotan hitz egiten da haurrei buruz, baina sekula ez zaiela proposamenik egiten. Horregatik antolatu dute egun hori.
Goizean goiz hasiko da egitaraua. Gurasoen laguntza eskatu dute, sare sozialen bitartez sorpresa bat zabalduko baitute. Ondoren, haurrek nahi duten gosaria jateko aukera izango dute, egitaraua jarraituz gero.
Altxoarraren bila escape room jolasa aurkeztuko dute egun horretan bertan, eta ondoren Oiartzun Irratian izango dute txokoa. 11:45etik 12:30era bitartean izango da saioa, eta haurrek lehenago bidali beharko dituzte ipuin, txiste edo dena delakoak, whatsapp bidez (683 37 96 19). Zuzenean sartu nahi izanez gero, 943 49 37 11 telefono zenbakira deitu beharko da.
Abaraxka Telebista
Martiarenaren arabera, bazkari ordurako haurrek aukeratutako menua prestatuta egon beharko da. Ondoren, Abaraxka Telebistaren txanda izango da. Balkoiak txukuntzera deitu dituzte haurrak, eta bertan jolastu eta dantzatzera. Askorik aurreratu gabe, Martiarenak iragarri duenez, zuzeneko konexioak-eta egingo dituzte, giroaren berri emateko.
Bihar emango dituzte xehetasun gehiago, gaur eta atzorako kultura greba digitala deituta bazegoen, eta Abaraxkak, Biyurrieneak zein Oiartzun Aurrea-k bat egin dute.
18:00etan, berriz, eltzeak gogor astintzera deitu dute, haurrei kalera ateratzen uztea aldarri. Bukatutakoan, Abaraxka Telebista izango dute topagune berriro, eguna behar bezala bukatzeko.