'Deklaratzekorik ez', Liburuaren Nazioarteko Egunean
Oiartzungo Irakurketa Taldeak solasaldia egingo du gaur, Skype bidez, Beñat Sarasolaren lehenengo eleberria aztertzeko.
Irakurketa Taldea gaur elkartuko da, Skype bidez bada ere, apirilean irakurri duten liburuari buruz hitz egiteko. 20:00etan jarri dute hitzordua, ohi bezala.
Ohikoa ez dena eguna da. Asteartetan elkartu ohi dira, baina kultur sortzaileek deitutako greba dela eta, atzeratu egin dute.
Beñat Sarasolaren (Donostia, 1984) lehen eleberria izango dute hizpide. Deklaratzekorik ez argitaratu zuen iaz, Susa argitaletxearekin. Betiereko euskal gatazkatik ihes egin gabe, belaunaldi baten ahotsa izan litekeena jaso du Sarasolak bere fikzioan: sexua, politika, harremanak…