Iosune Cousillas: "Kultura sortzaileak ez ditugu pobreziara bideratu nahi"
Oiartzungo Kultura zinegotziak esan du herriko eragile kulturalekin elkartu direla, haiek laguntzeko. Festak kolokan daudela gehitu du; egoeraren baitan erabakiko da.
Iosune Cousillas Kultura zinegotziak bideo baten bitartez azaldu duenez, Oiartzungo Udala herriko sortzaile eta kultur eragileekin elkartzen ari da. COVID-19ak sortutako egoerak sortzaileak prekarizaziora eraman dituela esan du. “Ahal den neurrian, udala beraien ondoan egongo da, aurrera egiteko”, esan du. Hainbat sortzaile eta eragilerekin elkartu direla zehaztu du, eta gehiagorekin elkartuko direla.
Kulturaren esparruan dagoen beste kezketako bat da ea zer gertatuko den auzoko festa zein xanistebanekin. Arraguako Jai Batzordeak bertan behera utzi ditu auzoko festak, eta Altzibarkoak bide beretik joan daitezkeela dirudi. Egoerak dena baldintzatuko duela adierazi du Cousillasek, eta dena ikusteko dagoela.
Bestalde, Oiartzun urtekaria aurrera eramaten duen batzordeak lanean jarraitzen duela gogorarazi du, eta lanak Kultura Sailaren e-posta helbidera bidal daitezkeela.