Osasun larrialdi egoerara egokitu da Bidez-Bide garraio zerbitzua
Altamira eta landa eremuetan bizi direnen mugikortasuna bermatzeaz gain, erosketak etxera eramateko aukera ere eskainiko da larrialdi sanitarioak iraun bitartean.
Lezoko Udalaren Bidez-Bide garraio zerbitzuak erosketak egin eta etxera eramateko aukera eskainiko du osasun larrialdi egoerak iraun bitartean. Hortaz, ohiko zerbitzuei batuko zaizkie erosketena. 2017tik martxan da, Lezoko Udalak eta Behemendi Landa Garapen Elkarteak sortutako Bidez-Bide garraio zerbitzua. Horri esker Altamira eta landa guneetan bizi diren adinekoen eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonen mugikortasuna bermatu da Lezon.
Konfinamenduak kolektibo hauekiko dituen ondorioez jakitun izanda, bidez-bide zerbitzua zabaltzea erabaki du Lezoko Udalak. Larrialdi sanitarioak iraun bitartean erosketak egin eta etxera eramateko aukera eskainiko zaie. Egokitzapen honekin, Altamira eta landa guneetan bizi diren adinekoen eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrei erantzungo die udalak.
Zerbitzuaren beharra dutenek, Lezoko Udalarekin harremanetan jar daitezke, 690 769 466 telefono zenbakira deituz. Ohi bezala, zerbitzua astelehenetik ostiralera emango da, 8:00etatik 13:00etara eta guztiz doakoa izango da.
Gauzak horrela, hauek dira hemendik aurrera Bidez-Bidek eskainiko dituen mugikortasun zerbitzuak:
- Osasun larrialdiak: medikura joan-etorriak egingo dira, garraiorik ez dutenentzat.
- Enkarguak eta erosketak: elikagai eta medikamentuen erosketak, eta bestelako tramiteak.
- Herriko dendetan erosketak egin eta bestelako zerbitzuak.