Zigorra beteta, kanporatze prozesua abiatu dute Zigor Garroren aurka
Bihar Frantziako Polizia Nazionalak Hendaian duen komisarian aurkezteko hitzordua eman diote Zigor Garro oreretarrari.
Kondena osoa beteta, aske gelditu da Zigor Garro oreretarra. Pasa den larunbatean, amaitu zuen ezarritako zigorra, zehazki. Joan den azaroaz geroztik baldintzapeko askatasunean zegoen oreretarra pultsera telematikoarekin, eta aurretik, bi baimen eman zizkioten. Hamahiru urteko zigorra bete du Garrok.
Zigorra amaituta, “Frantziako lurraldean” bizitzeko debekua jakinarazi diote oreretarrari, eta kanporatze prozesua martxan jarri; hori abian jarri dutela jakinarazten duen agiria pasa den asteazkenean jaso zuen Garrok. Baldintzapean aske utzi zutenetik, bere familiak Hendaian duen etxean bizi da, eta Lapurdin bertan ari da lanean. Konfinamendua garaia, beraz, bertan ematen ari da.
Bihar Frantziako Polizia Nazionalak Hendaian duen komisarian aurkezteko hitzordua du Garrok.
2006an atxilotu
2006a atxilotu zuten Garro Quezac herrian (Lozere, Frantzia) Marina Bernado, eta Ekain Mendizabalekin batera. ETAko kide izatea egotzi zieten hirurei.
2017ko azaroan DPS zerrendatik atera zuen Frantziako Estatuak Garro eta beste zazpi euskal preso; bereziki zaindu beharreko presoei ezartzen dieten estatusa da DPS. Besteak beste, erredentzioak eta espetxe onurak eskuratzea zailago dute estatusa ezarria dutenek, eta eragina du presoen bizi baldintzetan. 2018ko otsailean berriz, Zokoara (Lapurdi) ekarri zuten Saint Maur (Euskal Herritik 680 kilometrora dago espetxe hori) urtarrilaren 29an zendu zen Paki Perez amari azken agurra ematera. Iazko otsailean lekualdatu zuten Mont de Marsan espetxera (Okzitania) eta joan den uztailean eta irailean lan kontuengatik espetxetik irteteko egun bateko eta hiru eguneko (hurrenez hurren) baimenak eman zizkioten.
Garro da Frantziak baldintzapekoa eman dion Hego Euskal Herriko lehenengo presoa.