Marketin digitala jorratuko da #NikOarsoaldean kanpainaren hurrengo ikastaroan
'Marketin digitala: zure negoziorako erakusleihorik onena' internet bidezko seminarioa, hilaren 8an (ostirala) egingo da, 10:00etatik 11:00etara.
Koronabirus izurriteak dakarren krisi ekonomikoak gogor joko ditu Oarsoaldeko langile asko, bereziki ostalaritza, merkataritza eta hainbat zerbitzu enpresetako langileak. Oarsoaldea Garapen Agentzian, abagune hau norberaren negozioa birsortzeko eta dinamizatzeko aukera izan daitekeela uste dute.
Alarma egoera indarrean denetik, ostalaria, merkatari eta zerbitzu enpresetako langileei zuzendutako lau online ikastaro antolatu dituzte, #NikOarsoaldean kanpainaren baitan. Hurrengoa, Marketin digitala: zure negoziorako erakusleihorik onena, hilaren 8an (ostirala) egingo da 10:00etatik 11:00etara Sharpa Marketing enpresako Iraia Errandonea eta Mikel Markuletaren gidaritzapean.
Marketin digitalak eman ditzakeen aukerak aztertuko diuzte. COVID-19ak askori pertsianak jaistera behartu dituen honetan, sarea negozio hauek izan dezaketen erakusleihorik onena da. Errandoneak eta Markuletak, negozio tradizional batek marketin digitalera trantsizioa egiteko eman beharreko lehen urratsak azalduko dituzte. Ongi kudeatuta, marketin digitala betiko ofizioa garatu eta optimizatzeko gakoa izan daiteke.
Ohi bezala, Zoom plataforma erabiliko dute online ikastaroa egiteko. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da Oarsoaldea Garapen Agentzia sortutako webgunean izena ematea. Informazio gehiagorako, deitu 943 494 129 telefono zenbakira, ala sartu COVID-19ari lotutako atal berezira.