0 faserako aholkuak bideo batean jaso ditu udalak
Oinarrizko prebentzio neurriak hartzeko eskatu die udalak herritarrei. Neurriak zeintzuk diren laburbildu dituzte bideo batean.
Pasa den astelehenetik, alarma egoeraren arintzea 0 fasean dago. Arintze hori mailakatua izango denez, oraindik prebentzio neurriak mantendu behar dira. Horiek zeintzuk diren larburbildu ditu Oiartzungo Udalak, bideo baten bitartez.
Oinarrizko neurriak oraindik ere mantendu behar dira. Adibidez, eskuak maiztasun handiarekin eta ongi garbitzearena. Bi metroko gutxiengo distantzia mantentzea ere bete behar dela gogorarazi dute, bai erosketak egiterakoan zein kalera ateratzean.
Ordutegiak
Larunbatetik aurrera, herritar guztiek izan dute kalera ateratzeko eskubidea. Jende pilaketak saiheste aldera (zaila den arren), hainbat ordutegi ezarri ditu Espainiako Gobernuak.
06:00etatik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara, 14 urtez goitiko herritarrek kirol jarduerak egin ditzakete. 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, 70 urtez goitiko herritarren txanda da. Haurrak (14 urte baino gutxiago dituztenak), berriz, 10:00etatik 19:00etara atera daitezke etxetik.
Haurrak beti atera behar dira heldu batekin, eta 70 urtetik gorakoak ere baimenduta daude laguntzaile batekin ateratzea.
COVID-19gatik positibo eman dutenen kopurua egonkortu bada ere (22 dira Oiartzunen), prebentzio neurriak hartzea ezinbestekoa dela berretsi du udalak.