Haurrei ahotsa ematen
COVID-19ak sortutako egoerak bizimoduak erabat aldatu ditu, zer esanik ez haurrenak. Oiartzungo Abaraxka ludoteka beren aisia erdigunera eramaten saiatu da.
Abaraxka ludotekak bere ateak itxi zituen larrialdi egoera indarrean sartu baino egun batzuk lehenago. Fisikoki pertsiana itxi bazuen ere, modu batera edo bestera bertako kide diren familien etxeetara iritsi dira.
Familiei proposamen ezberdinak bidaltzen aritu dira, astero, Nekane Martiarena ludotekako arduradunak jakinarazi duenez. «Bizpahiru orrialdeko proposamenak bidaltzen ditugu, Familia Eremuko kideentzako —0-6 urte arteko haurrak—, baita 6 eta 12 urte arteko haurrentzako ere». Proposamen horiez gain, denbora-pasaz betetako orrialdeak bidaltzen dituzte, sudurra pantailatik kendu nahi dutenentzako.
Proposamen horietan Abaraxkako langileek sortutako bideoak joan dira: arropa eraldatzen edota josten; puntua egiteko proposamenak; errezeta osasuntsuak; Abaraxkan duten materiala, etxean egiteko argibideak emanez; bertso asmakizunak… Proposamenak anitzak izan dira. Izan ere, beren burua berriro asmatu behar izan dute, ludotekako langileen lana erabat presentziala izan ohi delako. Horrez gain, gurasoentzako edukia ere bidali izan dute, astelehenero, izan ludotekakoek idatzitako dokumenturen bat edo euren interesekoa izan daitekeen artikuluren bat.
Proposamenak bidaltzeaz aparte, plaza berriak sortu behar izan dituzte, Kontzejupe plazan elkartu ezin diren haurrak elkar daitezen. Astelehenetan Familia Eremukoekin bideo deiak egiten dituzte, 16:30ean. Astearte eta ostiraletan, ordu berean, 6 eta 12 urte arteko haurrekin elkartzen dira, modu digitalean bada ere.
«Alde batetik, gurekin elkartzeko modu bat da. Bestetik, Abaraxkako haurren artean elkartzeko bide bat bada. Batzuk Elizaldera joaten dira, beste batzuk Haurtzarora, eta ezin dute ludotekan elkartu. Modu polita da elkar ikusteko. Saiatu gara, nahiz eta fisikoki itxita egon, hor egoten», azaldu du Martiarenak.
Bederatzi aste daramatzate dinamika horretan. Ordura arteko lana irauli zuten. Hori bai, argi zuten Abaraxkaren baloreek zipriztinduko zituztela jarduera eta proposamen guztiak. «Guretzat errazena izango litzateke kopiatu eta itsastea, baina ez, harago joan nahi izan dugu», zehaztu du. Egin dituzten jarduera batzuk zerrendatu ditu, erantsitako berezitasunekin: «Adibidez, letra zopa bat, errezeta baten osagai osasuntsuekin. Edo beste letra zopa bat, ihoteetako sorgin eta intxixuen izenak aurkitzeko. Saiatu gara gure baloreak alde batera utzi gabe, etxe guztietara iristen».
Ludotekako langileen lana oso da haurrekin jolastekoa, eta orain zerotik abiatu behar izan dute. Horrela sortu dituzte Abaraxka TB, edo zeinu hizkuntzekin sortutako bideoak. «Sekula baino ordu gehiago sartu ditugu lanean bai nik baita nire lankideek ere, berrasmatze horretan gure baloreekin bat egiten duten gauzen birsortze horretan», esan du. Aitortu du ez dela erraza asmatzea, baina erritmoa hartuta dutela.
Hala ere, koska bat dagoela adierazi du: askotan, egindako lanaren emaitza ez dela ikusten. «Aurrez aurre zaudenean, agian gorputzaren keinu batek edo dena delako batek adierazten dizu gustura daudela. Momentu honetan, oso zaila da: ez baduzu feedback bat jasotzen ezin duzu neurtu. Eta nik uste dut jendea oso saturatuta dagoela e-posta edota Whatsapp mezuekin. Guk, behintzat, feedback oso gutxi jaso dugu». Hala ere, lanean jarraituko dute, udalak kontrakoa esaten ez duen artean.
Plaza berriak
COVID-19aren krisiaren hasieran, herritar eta eragile talde batek bat egin zuten Oiartzun Aurrea sarean. Abaraxka eta Oiartzun Irratia dira eragile horietako bi, eta indarrak batuta, haurrentzako txokoa sortu dute. «Haurrei bideo deiak-eta egiteko aukera emateaz gain, ikusten genuen zerbait gehiago behar zela. Bilera pare baten ondoren, erabaki genuen haurrak erdigunera eramatea», jakinarazi du.
Haurraren Eguna sortu zen horretatik, baita hainbat txalentx (erronka) ere. Beste plaza bat ireki zen haurrentzako. «Koronabirusaren krisian haurren egoera ez da ezertarako kontuan hartu. Orain ere, mundu guztia atera daitekeenean taberna batera edo kirola egin daitekeenean ez dakit zenbat denboraz, haurrak ordubetez bakarrik atera daitezke kalera. Ahots hori emateko asmoz sortu genuen saioa».
Haurraren Eguna apirilaren 24an ospatu zuten. Hasiera batean, kamioi batekin atera nahi zuten, etxean zeuden haurrenganaino errazago iritsi eta animatzeko. Ezin izan zuten egin, eta Euskal Herriko pertsona esanguratsuekin zein oiartzuarrekin osatutako bideoa egin zuten.
Haurrek proposatutako otorduek, balkoietako dantzek eta ikus-entzunezkoek osatu zuten egitaraua. «Arrakasta handia izan zuen irratiko saioak, eta Abaraxka TBren lehenengo saioa ere egin genuen. Konexioak egin genituen, eta haurrek kontatu zuten zer egiten zuten etxean. Polita joan zen», esan du.
Noizbait normaltasuna bueltatzen bada, horrelako iniziatibekin jarraituko dutela uste du Martiarenak. Asmoa, behintzat, hor dago. «Txar guztiari ona atera behar zaio, eta tokatu zaigu zerotik 100era pasatzea denbora gutxian. Iruditzen zait asko ikasi dugula zentzu askotan: lan aldetik, harremanen aldetik, gai garela gauzak beste modu batera egiteko… Ez nuke ezetzik esango Abaraxka TB martxan jartzen badugu, edo Haurraren Egun indartsu bat antolatzen badugu. Esan nahiko luke koronabirusari atera diogula alde ona».
Martiarenak haurren eskubideen aldeko aldarria plazaratu du. «Benetan behar handiena dutenak, beren bizitzako prozesu honetan, haurrak dira. Beraiek dira etxean zigortuta daudenak. Gainera, arrisku txikiena duten pertsonak dira. Ez dut ulertzen zergatik diren etxean 23 ordu sartuta egon behar dutenak… Izango du bere azalpena, baina niri ez zait buruan sartzen».