Maddi eta Aneren kontzertuarekin hasiko da aisia planteamendu berria
Oiartzun Aurrea eta Biyurrieneak egindako aisia eskaintzaren formula, oraingoz, asteburutara mugatuko da. Parte hartu dutenei eskerrak eman dizkiete.
Konfinamendua hasi zenetik ari dira Oiartzun Aurrea eta Biyurrienea elkarlanean, oiartzuarrei aisia eskaintza emateko asmoz. Fase berri batean sartu garela eta, eskaintza hori —oraingoz behintzat— asteburuetara murriztuko dute.
Planteamendu berriarekin hasteko, Maddi eta Aneren kontzertua emango dute. Bihar izango da, 18:00etan hasita, Oiartzun Aurrea-ren Youtubeko kanalean.
Eskertza
Biyurrienea eta Oiartzun Aurrea-k jarduera pila bat antolatu dituzte bi hilabete hauetan: Herri Hezitzailea, txalentx-ak, irakurraldi jarraituak, kontzertuak, zinema emanaldiak, bingoa…
Ekitaldi horietan, parte hartzea oso altua izan dela ziurtatu dute, “ezin pentsatuzkoa”. Oiartzuarrek “bizi eta bixi” daudela adierazi dute, eta parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete: eskuzabaltasunez sorkuntza artistikoren bat partekatu dutenei; zuzenekoetan egon direnei; erronketan artea edota umorea erakutsi dutenei…