Ekaitz Auzmendik ez du jarraituko Oiartzun KE-ren aulkian
Zazpi urteren ondoren, Oiartzun Kirol Elkarteko mutilen talde nagusiaren entrenatzaile kargua utziko du errenteriarrak. Klubak bere lana eskertu du.
Oiartzun Kirol Elkarteak, pasa den astean, jakinarazi zuen 2020/2021 denboraldia prestatzen ari dela. COVID-19a dela eta, lehiaketa guztiak bertan behera geratu dira, eta klub urdineko jokalariak behartutako oporraldian daude.
Datorren urterako aldaketa nagusi bat egongo da mutilen talde nagusian. Klubak bere Twitter kontuan iragarri duenez, Ekaitz Auzmendi entrenatzaileak ez du karguan jarraituko.
Zazpi urte zeramatzan karguan, eta urte horietan guztietan erakutsitako konpromiso eta lanagatik, klubak eskerrak eman dizkio entrenatzaile errenteriarrari. Zorte ona ere opa diote hemendik aurrerako lanetan.