"Nire emozio eta gogoei fidela izaten saiatzen naiz"
Ilustratzaile oiartzuarra bidea urratzen ari da ilustrazioaren munduan. Zalantzaz betetako hasiera atzean utzita, pintzela ez du eskutik kentzen. Iaz sei erakusketatan ikusi ahal izan ziren bere lanak.
Alaia Gaztelumendi ilustratzaileak Alaiart sinadurapean egiten ditu bere ilustrazioak. Paperean edo mihisean ez ezik, beste hainbat euskarritan ere ikus daitezke bere marrazkiak. Bere ibilbideari errepasoa eman dio elkarrizketa
Anaia —Dei, Pixarren egiten du lan— eta biok ilustraziogintzan aritzen zarete. Nondik datorkizue zaletasun hori?
Txikia nintzenetik asko gustatu zait marraztea, eta etxean giro asko eduki dugu. Gurasoak, bere aldetik, arte munduan ibili izan dira, eta beraiek bultzatu egin gaituzte —nahi gabe— horretara. Etxean arnasten zen giroa zen. Naturaltasunez landu dugu beti etxean. Marraztea jolas bat zen guretzat, eta beste batzuk parkera joaten ziren moduan —gu ere bai!—, guk etxean ordu asko sartu ditugu marrazten eta beste gauzak egiten.
Nola hasi zinen arte mundura bideratzen, modu serioagoan?
Batxillergo Artistikoa egin nuen, baina bukatu nuenean, ez neukan oso argi zer egingo nuen. Azken finean, artearen mundua oso zabala da, eta gauza asko gustatzen zitzaizkidan. Nahiago nuen pixka bat itxoin eta benetan argi neukanean hor sartu. Berez, izaeraz nahiko dispertsa naiz, eta Arte Ederretan ez nuen sartu nahi, mila gauza ukitzen dituzulako eta bakoitza oso gutxi. Pentsatzen nuen lau urte eta gero berdin aterako nintzela, jakin gabe oraindik zer nahi nuen.
Haurrak eta hezkuntza betidanik gustatu izan zaizkit, eta baneukan gogoa gizarteari ekarpen bat egiteko. Garrantzi handia eman diot hezkuntzari, gizartea aldatzeko modu bezala. Ikasketetako azken bi urteetan —azken urtean, bereziki— aukera genuen pixka bat espezializatzeko. Tailerrak aukeratu nituen; hor asko jorratzen ziren plastika, musika eta horrelakoak. Hor ikusi nuen argi berriro heldu nahi niola artearen munduri.
Aukeratu nuen ilustrazioa egitea. Ikusten nuen lotura handia zeukala haurrentzako ipuinak egiteko eta abar. Gustatzen zitzaidan zerbait zen, eta Bartzelonan ikusi nuen bazegoela eskola interesgarri bat, eta han bi urte egin nituen. Orduan hasi nintzen pixka bat serioago hartzen.
Hezkuntza ikasketen lehenengo urte horiek impasse moduko bat izan ziren artearen zaletasunari dagokionez?
Uste dut impasse bat izan zela, bai, Batxillergoa eta gero ez nuelako ikusten zertan sartu nahi nuen. Gainera, nahiko nekatuta bukatu nuen. Argi ez neukalako izan daiteke. Horregatik heldu nion lehenengo hezkuntzari, eta orain berriro bueltatu naiz artera.
Eta gogoz bueltatu zara.
Pozik nago. Behar nuen zerbait aurkitu dut. Ilustrazioarekin sentsazioa daukat guztiz asmatu dudala. Ilustrazioaren helburua da mezu bat transmititzea marrazkiarekin; ez da bakarrik zure emozioak adieraztea, baizik eta zerbait transmititzea eta ulerterraza izatea. Oso gustuko dut komunikazio hori lortzea.
Paperean eta paretetan marrazten dituzun ilustrazioak, estilo aldetik, ezberdinak dira, esku ezberdinekin egiten dituzula dirudi.
Bai. Artista gehienek, orokorrean, badute obsesio antzeko bat bilatzeko bere estilo propioa. Merkatuan saltzeko errazagoa delako, eta errekonozitzeko erraz izate horrek ere badu bere indarra. Gu, artista bezala, gure burua gustatu eta itxi egiten gara estilo batera.
Pixka bat sentitzen dut horren kontra-edo nagoela. Iruditzen zait dela modu bat zure adierazteko modua mugatzeko. Orduan, momentuaren, proiektuaren eta nola sentitzen naizenaren arabera, modu batean edo beste batean adierazteko era bat edo beste bat ateratzen zait. Horri egiten diot kasu, eta ez dut nire burua ixten besteek zer pentsatu edo esango duten: estiloa aldatu dudala, eta abar.
Nire emozio eta gogoei fidela izaten saiatzen naiz. Momentuaren arabera adierazten dut modu batean edo bestean. Besteek ez dakit nola jasoko duten hori. Batzuek esaten dute ikusten dutela lerro bat, badagoela lotura bat lan guztien artean. Beste batzuek ez…
Iaz sei erakusketatan zure lanak ikusteko aukera egon zen (tartean, Irungo Martindozenean). Zein balantze egiten duzu?
Erakusketak egitea polita da, eta bada modu bat jendearen feedback-a jasotzeko modua. Bertan baldin bazaude, jendeak komentatzen dizu nola jasotzen duen zure lana, eta aberasgarria da.
Baina erakusketa bat prestatzeak lan handia ematen du. Gainera, diru inbertsio bat ere bada: materiala erosi, enmarkatu… Orain arte nire lana mugitzen aritu naiz, ezagutarazteko, baina aurten lasaiago hartu nahi dut, eta bakarkako erakusketak alde batera utzi. Egoera hau hasi baino lehen hartua nuen erabakia. Bakarrik erakusketa kolektiboetan hartuko dut parte.
Artearen munduan ez dabiltzanek agian ez dute ikusten atzean dagoen lan hori, hobby bat bezala ikus daiteke.
Sentsibilizazio handiago bat nabaritzen dut, azken urteetan behintzat. Ibiltzen naiz merkatuetan saltzen, eta ikusten da jendea hurbiltzen dela. Erosten dute, baloratzen dute…
Egia da, hala ere, artearen munduak ez bazaitu gertu harrapatzen, zaila dela imajinatzen zein lana daukan.
Dedikazio handia eskatzen du, eta askotan, musu-truk, edo pasioarengatik egiten duzu. Askotan ez da dirurik egoten. Nik badut behar bat: ongi sentiarazten didan zerbait da, betetzen nauena. Beti egingo dudan zerbait izango da; oraintxe denbora dezente eskaintzen ari naiz. Aurrerago ez dakit zertan arituko naizen, baina ikusiko da. Badakitena da ez dela inoiz desagertuko, nahiz eta aurrerago agian beste lanen bat izango dudan.
Mundua uniformizatua dago eta jendeak bereizleak bilatzen ditu artean?
Bereizgarri moduan baino, uste dut kontzientzia gero eta handiagoa dagoela bertako produktuak erosteko. Adibidez, janariarekin hori gertatzen da. Duela 5-10 urte agian ez zegoen hain zabalduta, eta geroz eta gehiago baloratzen da bertakoa erostea.
Lehen Leroy Merlinen erosten zenuen koadroa zergatik ez orain merkatu batean erosi? Beste balore bat dauka, eta jendeak baloratzen duen zerbait da. Moda bat baino, kontzientzia da, eta pozgarria da piztu izana. Ea irauten duen! [barrezka].
Ilustrazioak, gainera, eskuz egiten dituzu…
Orain hasi naiz ordenagailuarekin! Ez neukan erreminta egokirik, eta beti gustatu izan zait gehiago papera, pintzela eta abar eskuarekin ukitzea, modu organiko batean lan egitea. Azken lan bat nahiko potentea eduki dut —album ilustratu bat—, eta denbora aldetik nahiko estu ibili naiz. Teknologiak ematen dizuna da azkartasuna. Akats bat egitean ez dugu berritik hasi behar, borratu eta jarrai dezakezu. Koloreak edozein momentutan alda ditzakezu ere bai… Geroz eta erosoago sentitzen naiz ordenagailuarekin.
Oso ezberdina al da?
Oso. Orain arte ordenagailua neukan eta tableta grafiko bat. Tabletan margotzen nuen, baina pantailan agertzen zen. Sentsazioa ez zen batere ona. Orain pantailaren gainean margotzen dut, eta paperean ariko banintz bezala da. Begiarekin ikusten dut nora doan nire eskua, lehen ez. Sentsazioa asko aldatzen da, koordinazioa askoz hobea da. Ez duzu emaitza berdina lortzen, eta beti nahiago izango dut modu tradizionalak ematen duen emaitza. Egiten ari naizenaren arabera, ongi etortzen dira teknologia berri horiek.
Aintzane RO dantzariarekin batera, performance bat eskaini duzu Arteuparten. Nola uztartzen dira bi diziplinak?
Arteuparte galeriak bultzatutako ekintza bat da. Hilabetero nahi zuten horrelako performance bat egin, non uztartuko ziren bi arte espresio. Lehenengoa gurea izan zen.
Aintzane ezagutzen nuen haurrentzako tailerrak ematen-eta aritu ginelako, eta iruditu zitzaidan tandem ona egingo genuela. Segituan animatu zen. Pixka bat entseatu genuen, egin genuenean aukeratu zuen musika, eta modu librean dantzatzen zen. Dantzak hiru fasetan banatu zituen, eta nik fase bakoitzeko marrazki bat egiten nuen, postura bat aukeratuta. Oso esperientzia polita izan zen.
Zer duzu orain esku artean? Album ilustratua egiten aritu zara, BERRIAko Trixerten labealdi berrian zaude…
BERRIAn hiru artista aukeratzen dituzte, eta astero batek egiten du diseinu bat, berri batekin lotutakoa. Niri bi eman zizkidaten: Edurne Pasabanek duela hamar urte hamalau zortzimilakoak egitea lortu zuela, eta duela 40 urte Martin Zabaleta Everestera igo zela. Normalean albiste bakarra ematen dute, eta niri esan zidaten ahal nuela bietako bat aukeratu, baina pena ematen zidan bestea kanpoan uztea. Biak aurkeztu, eta aukera dezatela. Horietako bat anaiari bidali diot, eta bere iritzia eman dit, asko partekatzen baitugu.
Aholku asko ematen al diozue elkarri?
Estilo oso ezberdina daukagu: bera ilunagoa da, munstroak gustatzen zaizkio eta abar. Perspektiba ezberdina daukagu, baina asko aportatzen diogu elkarri. Ni gazteagoa naiz, eta pisu dezente dauka anaiak esaten didanak. Agian gehiegi batzuetan [kar-kar]. Berak ere nahiko serio hartzen ditu nire ekarpenak.
Hezkuntza ikasi duzu. Artea hezkuntzan gutxietsia dagoela esaten duzu. Plastika ikasgaiarekin ez al da nahikoa?
Ez da plastikara mugatzen. Hori baino askoz gehiago da: irudimena landu behar da, pentsatzea. Bizitzari erantzuteko modu bat da, eta, nire ustez, eskola askotan erantzun bakarra ematen da, gainontzeko erantzunak oker baleude bezala. Bada ez: erantzun asko izan litezke posible, eta onak. Eta uste dut arteak edota irudimenak horretara bideratzen zaituela.
Pentsamendu kritikoak bezala.
Hori da. Iruditzen zait gutxietsia dagoela, beste ikasgai batzuei garrantzia handiagoa ematen zaiolako. Parekatuago egon beharko lukete, ekarpen handia egiten diotelako elkarri. Berdintasuna bilatu behar duen erakunde bat da.
Izan zaitezke txarra plastikan, baina ona izango zara hizkuntzetan. Baina beste bat izan daiteke ona plastikan eta txarra beste gauza guztietan; ez da bestea bezala sentituko, bere indargunea ez baitute baloratzen. Haur horiek gero arazoak dituzte. Denak ezberdinak gara, eta denok daukagu gure ahultasuna eta gure indargunea. Indargunetik ahulguneak indartu behar dira.
Tailerrak ere ematen dituzu.
Eskolaz kanpoko arte tailerrak dira. Donostiako Zaldi Urdina akademian ematen ditut tailer horiek, baita hainbat eskolatan ere. Bi gauzak uztartzen ditut. Hezkuntzarenak, behintzat, diru sarrera finko bat ematen dit, artea oso ezegonkorra baita.