Erabaki prozesuen parte izatea ezinbestekotzat dute gurasoek
Hilaren 12an, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak, Hezkuntza Sailak klaseei berrekiteko emandako jarraibideak zalantzan jarri zituen ohar bidez. Klaseetara itzultzea ezinbestekoa izan arren, une honetan ikastetxeak zabaltzeko «berme juridiko eta segurtasun bermerik» ez dagoela iritzi du guraso elkarteak. Jarraibideak argiak izatea eta garaiz helaraztea eskatu dute, ikastetxe bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzeko denbora izan dezan. Hezkuntza telematikoa bideragarria izateko gurasoak ezinbestekoak direla gogorarazi diote Hezkuntza Sailari.
Erabaki prozesuen parte izan nahi dutela azaldu du Jabi Saiz Lezo Institutuko Zubitxo Guraso Elkarteko kideak: «Ikasleen segurtasuna bermatzea nahi dugu, baita irakasle eta gainontzeko langileena ere». Hori dela eta, ikastetxeen segurtasunari eragingo dioten erabaki espazioetan haien «hitza» aintzat hartzea nahi dute Zubitxon. Gurasoek eskubide osoa dute haien ekarpena egiteko, ez soilik haien seme-alabak direlako, baizik eta etxean ikasten dutenetik hezkuntza sistema formalaren parte are eta aktiboago bat direlako.
Irakasleen konpromisoa
Bere ikuspegi pertsonalari buruz galdetuta, irakasleek gurasoekiko erakutsitako gertutasuna aipatu du Saizek; «Nahikoa lan izan dutela esango nuke, eta lehen egunetik nahiko fin ibili direla iruditzen zait. Lehen asteak pixka bat korapilatsuak izan ziren, baina oro har, lana nahiko ondo atera dute aurrera eta beti jaso dugu Lezo Institutuak bidalitako informazioa». Institutuko langileek erakutsitako konpromiso eta gardentasun berbera eskatzen diote Hezkuntza Sailari Zubitxokoek, eta beste hainbat guraso elkarteetako kideek.
Badirudi ikasturte hau bukatzen ari den antzera hasiko dela hurrengoa. Egoera ez da ohikoa izango, eta gurasoek, ziur asko, ardura gehiago izango dituzte. Denborak esango du erabakietan parte hartuko duten ala ez.