[Galeria] Patxi Ruizi sostengua erakutsi diote
Duela hamabi egun ekin zion gose eta egarri grebari Ruizek. Espetxean protestak egiten ari zen beste hainbat euskal presorekin batera COVID-19ak espetxeetan duen eraginaren aurrean neurriak har ditzaten eskatzeko. Horietako protesta bat amaitzean, hainbat funtzionario bere ziegara joan eta mehatxatu egin zuten
Patxi Ruiz gose eta egarri greban den Txantreako euskal presoari sostengua erakutsi zioten atzo arratsaldean Errenteria-Oreretan. Zumardian elkarretaratu ziren eta Ruizi elkartasuna erakusteaz gainera, bizi duen egoera gogorra salatu zuten eta babesa adierazi, halaber, gainontzeko euskal preso guztiei.
Txantreakoak hamabigarren eguna bete du gaur gose eta egarri greban. Murtzia II espetxean aurkitzen da.
Duela hamabi egun ekin zion gose eta egarri grebari Ruizek. Espetxean protestak egiten ari zen beste hainbat euskal presorekin batera COVID-19ak espetxeetan duen eraginaren aurrean neurriak har ditzaten eskatzeko. Horietako protesta bat amaitzean, hainbat funtzionario bere ziegara joan eta mehatxatu egin zuten. Testuinguru horretan erabaki zuen Ruizek gose eta egarri greba hastea.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak euskal presoaren osasun egoeraren gainean zabaldutako azken txostenaren arabera —atzo arratsekoa da— hainbat mediku froga egin zizkioten atzo kartzelan bertan, eta horiek erakutsi dute giltzurrunetako hutsegitea duela. Bere kabuz ibiltzeko gai dela esan du gainera, baina bere egoera oso larria dela nabarmendu du mugimenduak: “Hiltzeko benetako arriskuan dago”. Espetxeak ospitalera eramatea proposatu diola Ruizi azaldu dute, bestalde, baina euskal presoak uko egin diola auto judizial agindu baten bidez ez bada.
Ruizen aldarrikapen taula, hemen ikus daiteke. Argazkiak Herri Erantzuna, protestaren deitzaileak egindakoak dira.