Galleta usainak herria hartu zuenekoa
Hamar egunez, egun bakoitzeko galdera bat erantzungo du Miguel Angel Barcenilla Lopez historialari eta ikerlariak. 700 urte bete ditu aurten hiribildu eratu zenetik Errenteriak, eta Barcenillak industrializazio garaiko zehaztasunak emango ditu. Herriaren historian murgiltzeko azalpen interesgarriak eman ditu historialariak, Errenteria nondik datorren eta nora doan ulertzeko lagungarriak. Honakoa, laugarrena.
Hamar egunez, egun bakoitzeko galdera bat erantzungo du Miguel Angel Barcenilla Lopez historialari eta ikerlariak. 700 urte bete ditu aurten hiribildu eratu zenetik Errenteriak, eta Barcenillak industrializazio garaiko zehaztasunak emango ditu. Herriaren historian murgiltzeko azalpen interesgarriak eman ditu historialariak, Errenteria nondik datorren eta nora doan ulertzeko lagungarriak. Honakoa, laugarrena.
Olibet Galletak lantegiak, izena ere eman zien errenteriarrei, galleteroak. Zein garrantzia izan zuen lantegi horrek?
Gauza bitxia da, nire ustez galletero izen hori kanpokoek jarri zuten, ez oreretarrek, herriko jendeak ikur industrial bezala ikusten zuen gehiago fabrika handia, Lino, lehenengoa izan zelako eta historia luzea zuelako galletera heldu zenerako.
Papelera ere oso bitxia zen. Makina bat zen lantegi osoa, makina luze handia, oso erakargarria eta berezia zen. Zergatik Villa Galletera? Kazetari batek esaten zuen usainagatik zela. Galletera tren geltoki ondoan zegoen eta Errenteriarta trenez iristen zirenak aurkitzen zuten lehenengo gauza Olibet Galleta fabrika zen; agian sumatutako lehenengo usaina ere, galleta usaina izan zitekeen. Trenez baina askoz gehiago etortzen ziren ordea, tranbiaz.
Galleteraren arrakastak publizitatearekin zerikusia zuela uste dut nik, eta batez ere produktu batekin: maria galletak. Espainiako merkatuan Olibet izan zen Maria galletak sartu zituena. Gero beste enpresa batzuk, hogei urte geroago ezaguna egin zuten, baina lehenengoa Olibet izan zen. Maria galleta oso merkea zen, eta arrakasta handia izan zuen herri xumean, gosarietan eta meriendetan arrakasta lortu zuen. 1920 arte maria galleta Olibet moduan ezaguna izan zen.
Frantziatik egiten zuten garaiko publizitate garrantzitsua, postalak erabiltzen zituzten askotan beren Bordele, Paris edota Errenteriako fabriketako langileak fabrikatik ateratzen edo lanean erakusten zutenak. Irudi horiek ezaguna egin zuten. Kartelak erabiltzen zituzten, prentsan publizitatea egiten zuten eta kromoak ere bazituen, seguru aski halako tresnek izan zuten bere pisua. Maria Cristina erreginak Donostian oporrak pasatzen zituenean Errenteriara etortzen zen bere korte osoarekin, antza gustukoak zituen Olibeteko biskuitak eta galletak , eta hori ere erabili zuten Madriden eta Donostian publizitatea egin eta ezaguna egiteko. Oso bitxia da nola erabili zitekeen publizitatea garai hartan, eta Olibetek oso ondo egin zuen.