Tokiko jarduera ekonomikora 265.000 euro bideratzea proposatu du EH Bilduk
Mikroenpresei eta norberaren konturako langileei bideratuko lirateke diru-laguntzak. Jarduera ekonomikoa eten behar izan dutenek 1000 euro eta murriztu dutenek 500 euro jasotzea proposatu du Lezoko EH Bilduk.
Tokiko jarduera ekonomikoari bultzada emateko, 265.000 euroko diru-laguntzak proposatu ditu Lezoko EH Bilduk. Lezoko ekonomia sarea osatzen duten sektoreei laguntzea du helburu koalizioaren proposamenak, “Lezoko EH Bildun argi dugu herritarren zaintza, osasuna eta bizi baldintzak erdigunean jartzeko, eta herriko ekonomi-sarea zaintzeko, udaletik ere, esku-hartu beharra dagoela”. Oiartzun, Errenteria eta Pasaiako udalak eredu hartuta, Lezoko Udalak ere tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko diru-laguntzak ematea eskatu dute abertzaleek.
Lezoko eragile ekonomikoekin egoera aztertu ondoren, honakoa proposatu du EH Bilduk, mikroenpresei eta norberaren konturako langileei babesa emateko. Jarduera ekonomikoa eten dutenek 1000 euroko diru-laguntza finkoa jasoko lukete. Horrez gain, diru laguntza hori osatzeko hainbat aldagai iragarri ditu koalizioak. Ostalaritza arlokoek 200 euroko kopuru finkoa jasoko lukete. Langileek gainera, lokalen alokairu gastuei aurre egiteko 300 euro arteko diru-laguntzak eskatu ahalko lituzkete.
Jarduerari lotutako maileguen amortizazio-gastuengatik eta interesengatik, 250 euro arte jasotzea proposatu du koalizioak. Arropa dendek ere 200 euro arte gastatu ahalko lituzkete, udaberri-uda denboraldiko arropa, oinetakoak eta osagarriak erosteko. Jarduera ekonomikoa eten ez, baina murriztu behar izan dutenei babesa eman nahi die ere EH Bilduk. Egoera horretan diren mikroenpresa eta norberaren konturako langileentzako 500 euroko kopuru finkoa iragartzen du proposamenak.
Neurri hauek, COVID-19ak dakarren krisi ekonomikoaren ondorioei aurre egitea dute helburu. Ez dute baztertzen ordea, orain arte proposatutakoa nahikoa ez izatea, “Eskaeren kopurua eta zenbatekoa bideratutako kopurua baino handiagoa bada, Lezoko Udalak zenbateko hori handitu beharko luke, beti ere, bere posibilitateen arabera” diote Lezoko EH Bilduko iturriek.