Jaiak bertan behera uzteko moduarekin kexu agertu dira gazte taldeak
Barrutietako jaiak bertan behera uztea erabakitzean, herri mugimenduak aintzat hartu ez direlako udalarekin "suminduta" daudela adierazi dute Pasaiako gazte taldeek.
Pasaiako Udalak, herriko jaiak bertan behera uzteko hartu duen bidearekin “oso haserre” agertu dira Antxoko Topagunea, Trintxerpeko Korkoiburuak, San Pedroko Askalitz Gazte Taldea eta Donibaneko Ernai. “Suminduta” daudela adierazi dute, udalak ez baititu herri mugimenduen ekarpenak kontutan hartu.
Gazte taldeak bat egiten dute jaiak “ohiko moldean” ospatzeko ezintasunarekin. Pasaiako Udalaren aldebakarreko jarrerak, eragin du gazte taldeen kritika, “erabakia jai batzordeekin batera eta bertan parte hartzen duten eragileekin batera hartu beharko litzatekeela uste dugu, hori baita afera honi dagokion erabaki gunea”. Era berean, kultur eragileak izan arren COVID-19aren bilakaeren inguruko informaziorik jaso ez dutela salatu dute.
Hilaren 22an (ostirala) helarazi zuen udalak erabakiaren berri ematen zuen oharra, baina ez zen berehala zabaldu bide ofizialetatik, “erabakia hau, komunikatu sasi-ofizial baten bitartez -data eta sinadurarik gabekoa- egin da eta zenbait kasutan sareetatik alkateordearen eskutik baino lehenago izan dugu honen berri” diote gazte taldeek. Gai honen kudeaketa ikusita, herri mugimenduekin komunikatzeko “interes eza eta ezintasuna” egotzi diote udalari.
Erabakiak hartzeko eredu honen aurrean, “herrian eragiteko” konpromisoari eutsi diote Topaguneak, Korkoiburuek, Askalitzek eta Doninabeko Ernaik, barruti guztietako jaiak, “euskaldunak, parte-hartzaileak eta feministak” izan daitezen.