[Galeria] Erabakitzearen aldeko hamaika aldarrikapen, plazara
Hamaika Gara dinamikak deituta, oiartzuarrek beren aldarrikapenak eraman dituzte Done Eztebe plazara. Aiako Harria irudikatu dute.
Pasa den urrian, oiartzuar ugarik Aiako Harrira jo zuten, erreferenduma bidea dela aldarrikatzera. Atzo goizean, berriz, Aiako Harria oiartzuarrengana ekarri zuten. Aldarria berbera izan zen.
24 kolektibok osatzen duten Hamaika Gara dinamikak deituta, mosaikoa osatu zuten Done Eztebe plazan. Aiako Harriaren silueta zuen irudia kartulinekin osatu zuten. Kartulina bakoitzean, mezu bat, norberak erabakitzeko ahalmena egikaritu nahi duen gaiaren bueltakoa.
11:00etatik 14:00etara bitartean kontzejupera hurbildu ziren hainbat oiartzuar, bakoitza bere mezuarekin. Hiru taldetan antolatu zuten ordutegia, honako izenekin: Familien Aldarria, Gazteen Indarra eta Herritarren Erabakia.
Oiartzungo Gure Eskuk —Hamaika Gara osatzen duen eragileetako bat da— bere Facebook orrialdearen bitartez partekatutako argazkiak ikus daitezke hemen.