Madalenak bertan behera utzi dituzte Jai Batzordeak eta udalak
Erabaki zaila hartu behar izan dute, baina COVID-19ak sortutako egoeran elkar zaintzea hobetsi dute. Komunitate gisa jokatzen jarraitu nahi dute.
Uztailaren 21etik 25era bitartean ez da txupinazorik, kontzerturik edo Kuadrillen Eguneko bazkaririk egongo. Egun horietan zerbait garrantzitsuagoa hobestea erabaki dute Errenteriako Udalak eta Madalenetako Jai Batzordeak: herritarren osasuna.
Madalenak bertan behera uztea erabaki dute, errenteriar guztien osasunaren mesedetan. “Ez da erabaki erraza, guztiok maite baititugu Madalenak, baina bizi izan dugun eta oraindik bizitzen ari garen egoera aintzat hartuta, guztion osasunaren mesedetan, elkar zaintza lehenetsi behar dugu”, berretsi dute.
Topaketa sozial jendetsuak saihestu behar direla nabarmendu dute, eta topaketa jendetsurik ez egoteak madalenen izaerarekin talka egiten duela.
Ildo horretan, pasa den maiatzeko udalbatzarrean erabaki zuten ez dela pertsona edo eragile jakinik omenduko. “Komunitate gisa elkar zaintzeko izan dugun konpromiso eta jokabidea aitortuko da modu kolektiboan”, gogorarazi dute.
Horregatik, komunitate gisa jokatzen eta elkar zaintzen jarraitzea dela helburua esan dute Madalenetako Jai Batzordeak eta Errenteriako Udalak. Lanean ari direla argi utzi dute, ardura ardatz gisa hartuta. “Horregatik inoiz baino ilusio, indar eta konbentzimendu handiagoz jarraituko dugu lanean. Hain harro sentiarazten gaituen herri biziaren nortasunari eutsiz, eta komunitatea sendotuz, arduraz eta erantzukizunez”.
Ez dira ohiko madalenak izango, baina Jai Batzordea eta udala elkarlanean ari dira, herritarrei zerbait eskaintzeko, modu sinbolikoan bada ere.