Orientazio jolasak egingo dituzte igandero, Arditurrin
Uztaila eta abuztuko igandetan familian egiteko plan bat eskainiko dute Arditurriko parketxearen inguruan: 'Iparra galdu gabe'.
Uztaila eta abuztuko igande goiz guztietan, Iparra galdu gabe orientazio jolasa egingo dute Arditurri eta inguruetan. Aiako Harria parke naturaleko ibilbideak eta bitxikeriak ezagutzeko aukera paregabea izango dela ziurtatu dute parketxekoek.
10:00etatik 12:00etara egingo dute orientazio jolasa (hogei minutuero izango dira txandak). Parketxetik abiatuko dira, eta elebitan izango da. Parte hartzaile bakoitzarentzako prezioa hiru euro dira. Familia ugarien kasuan, kide batek ez du ordaindu beharrik izango.
COVID-19aren kontrako segurtasun neurriak hartuko dituzte. Talde txikietan ibiliko dira, distantziak mantenduz. Eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da, eta norberak eraman behar du musukoa.
Izen-emateak eta informazio gehiago 943 49 50 69 / 688 89 50 68 telefono zenbakietara deituz edo Arditurri parketxearen e-mail helbidera mezu bat bidaliz.