[Galeria] Martxa neurtua, jendetzarik gabe festak ospa daitezkeelako
Antxoko Topaguneak martxa neurtua antolatu du goizean. Talde txikietan, buelta eman diote barruti osoari, proba batzuk eginez.
Sanferminak ez dira ofizialki ospatzen ari, jende multzoa handiak saihesteko. Antxoko Topaguneak, baina, egitarau xume bat —ikus behean datozen ekitaldiak— antolatu du egunotarako, segurtasun neurriak betez.
Gaur goizean martxa neurtu bat egin dute barrutian zehar. Talde txikietan elkartu dira Gure Zumardian, eta hamar minutuero ekin diote ibilbideari. Bidean, bost proba egin behar izan dituzte; bat etxe berrienetan eta beste lauak mendi aldean.
Lehenengo proban korapiloak askatu behar izan dituzte. Bigarrena, petanka antzeko bat izan da. Hirugarrenean, giltzarrapo bat ireki behar izan dute; zenbakia buruketa baten emaitza zen. Laugarren probari dagokionez, iparrorratza erabili behar izan dute pilota bat aurkitzeko. Bosgarrenean, puzzle antzeko bat kopiatu dute. Bidean, talde txikietako bat ibilbidetik desbideratu da, eta bide luzeagoa egin behar izan du; kasualitatez hau idazten ari denaren taldea zen.
Hasi den toki berean bukatu da gymkana, aurreikusitako epea baino gehiago kostata. Maddi, Iraitz eta Asierrek izan dute Antxo konkistatzeko ohorea.
Topagunekoak ez dira ez-sanferminen goizari kolore pixka bat jarri dioten bakarrak izan. Joaldunak Antxoko kaleetan gora eta behera ibili dira, bi zamaren kontra borrokan: joareena eta beroarena.
Festak ez ospatzeagatik, barrutiko hainbat txokotan elkarrekin bazkalduko dute familia eta lagun artean.
Egitaraua
Bihar, igandea
- 12:00etan zumba frontoi zaharrean.
- 12:30ean II. Azeituna hezur jaurtiketa Zumardian.
Etzi, astelehena
- 18:30 bertso saio musikatua Ibaiondon (ikus aurkezpen bideoa behean). Bertsolariak: Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal. Musikariak: Gari Otamendi eta Araitz Bizkai. (Aurretik izena eman beharko da).
Hilak 7, asteartea
- 17:00 Mus eta partxis txapelketak Ibaiondon.
- 20:00 Egunean Behin finala Ibaiondon.