Oieleku inguruko ondare kulturala ezagutaraziko dute
Luis Mari Zalduak bisita gidatua egingo du cromlecharen inguruan. Saroiak, larreak eta mairu-baratzak ezagutuko dituzte, Gipuzkoako parketxeek antolatuta.
Oieleku inguruko kultura paisaiak ezagutuko dituzte datorren larunbatean, hilak 11. Naturaren eta pertsonen arteko harremanak zizelkatutako ondarea ezagutuko dute, Luis Mari Zaldua Etxaberen eskutik. Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak antolatu du ibilaldi gidatua.
Oieleku ingurua kultura paisaiaren adibide garbienetako bat dela adierazi dute antolatzaileek. Horren adierazle dira mendiko larreak —abeltzaintzaren garrantziaren seinale—, saroiak edo mairu-baratzeak. Azken horiek, gogorarazi dutenez, ez dira hilobiak, oroitarriak baizik.
Zuhaitzek ere izan dituzte aldaketak: burdinoletarako su-egurra ateratzen zuten zuhaitz lepatuetatik, eta egun bioaniztasuna gordetzeko toki apartak dira.
Txangoa
Altxor natur edota paisajistiko horiek guztiak ikusteko, Kausoko aparkalekuan geratuko dira, 10:00etan. Bi kilometroko ibilbidea egingo dute —joan eta etorria—, eta edonork egiteko modukoa izango da. Hori bai, oinetako egokiak eramateko eskatu dute.
13:00etan bukatu da ibilaldia, eta Zalduak detaile paisajistikoak azalduko ditu, euskaraz. Prezioa bost eurokoa izango da pertsona bakoitzeko. Musukoa ez ahazteko eskatu dute. Informazio gehiago 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deituz edo Arditurri parketxearen e-mail helbidera mezu bat bidalita lor daiteke.