Talaia larrialdi guneak ingurukoei bakarrik emango die zerbitzu
Astelehenetik aurrera giltzarekin bakarrik erabili ahal izango da. Hondakinen "gune iluna" bihurtu dela eta, erabilera orokorra eteteko erabakia hartu du.
Talaiako larrialdi gunea inguruan bizi diren oiartzuarrentzako bakarrik izango da astelehenetik aurrera —hilak 13—. Giltzarekin erabili beharko da. Oiartzungo Udalak erabaki du gunearen erabilera mugatzea, “eremu iluna” bihurtu delako.
Oiartzungo Udalak memoria ariketa egin du. Orain dela hamar urte ireki zuten, atez ateko sistema ezartzearekin batera. Helburua zen herritarrek, larrialdirik izanez gero, hondakinak bertan uzteko. Horregatik, 24 orduz irekita zegoen. “Hainbat modutara saiatu da udala gunearen erabilera zuzena izan zedin neurriak hartzen”, gogorarazi du erakundeak.
Erabilera, baina, desegokia izan dela nabarmendu du udalak, eta ekintzak zerrendatu ditu: hondakinak gaika sailkatu gabe eramatea; behar ez den tokian edo gunetik kanpo uztea; garbigunean utzi beharreko hondakinak uztea; Oiartzundik kanpokoek erabiltzea; jendea bertan egotea…
Aurrerantzean ontzi arinak, papera eta kartoia, edo errefusa atez ate atera ezin diren larrialdi kasuren bat duenak Talaiako garbigunera joan beharko du. Garbigunearen ordutegiaren barruan hurbildu beharko dira bertara.
Materia organikoa ez dute garbigunean biltzen. Horregatik, frakzio horrekin larrialdiren bat duenak udaltzainei deitu beharko die, ekarpen guneko giltza eskatzeko. 943 49 33 11 da telefono zenbakia.
Herritarrek zalantzaren bat baldin badute, e-posta bidez jar daitezke harremanetan, edo telefonoz deituta (943 49 11 11).
Garbigunearen ordutegia
Talaiako garbiguneak datorren asteazkenetik —hilak 15— udako ordutegiarekin izango du: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 18:50era; eta larunbatetan 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:50era.
Ordutegi hori izango du garbiguneak irailaren 15a arte. Ondoren, ohiko ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:50era, eta larunbatetan 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:50era. Igandero, urte osoan zehar, irekita dago 10:00etatik 13:50era.