Lezoko Udala: "Egoera kontrolpean dago"
Udalak azken egunetan koronabirusak herrian izan duen eraginaren gaineko informazioa eman du. EH Bilduk ere gaiaren gaineko lanketa egin du.
Lezoko Udalak aste honetan izan diren COVID-19 kasuen gaineko argibide gehiago eman ditu. “Egoera kontrolpean dago”, esan du. Herriko taberna baten jabeak positibo eman zuelako taberna itxiarazi zuten aste hasieran, eta aldi berean, segurtasun protokoloa ezarri: “Detektatutako kasu horren bilakaera ona da. Guztira hiru positibo berri izan dira Lezon egunotan egindako PCR probetan. Horietatik bik ez dute tabernarekin zerikusirik”.
Gaixorik dauden pertsona horiek isolatuta daudela jakinarazi du udalak, eta transmisio komunitarioaren aukera baztertu du. Udala Osasun Sailarekin “etengabeko harremanean” dago.
Jesus Mari Martiarena alkateak lasaitasunerako mezua berretsi du. Orain arte bezala erantzukizunez eta arduraz joka dezaten eskatu die herritarrei, musukoa erabiliz, urruntze soziala mantenduz eta eskuak maiz garbituz: “Birus honi guztiok elkarrekin egingo diogu aurre. Horretarako elkartasuna, Osasun Sailak ezarritako neurriekiko errespetua eta erantzukidetasuna dira behar ditugunak”.
EH Bilduren kudeaketa
Lezoko EH Bilduk COVID-19 kasuen jarraipena egiteko ardura hartu du. Nabarmendu dute gaia “soseguz eta arduraz” ari direla lantzen, eta hori egiteko esku artean segurtasun protokoloa eta beste herrietako ereduak izan dituztela adierazi du koalizioak. Lezoko anbulatorioarekin, Donostialdeko Osasun Koordinazio Gunearekin, edo Ordiziako alkatearekin egin dituzte harremanak. Bildu duten informazio osoa alkateari helarazi diote, eta hori partekatzeko eskatu: “Herritarrek informazio zuzena, argia eta osoa jasotzeko duten eskubideaz gain, gardentasun osoz aritzea funtsezkoa da jendartean lasaitasun mezua zabaltzeko”.
Taldeak jaso dituen datuen arabera, itxiarazi duten tabernaren kasuan, langile batek positibo eman zuen PCR proban. Azken horrekin era bateko edo besteko harremana izan dutenei proba gehiago egin, eta denek negatibo eman dutela jakinarazi du EH Bilduk. “Tabernak momentuz itxita jarraituko du, badaezpadako neurri modura”.
EH Bilduk udalaren informazioa berretsi du: herrian azken egunetan izandako infekzioak bakanak dira, ez dago agerraldirik, alegia. Hori baieztatzeko Donostialdeko Osasun Koordinazio Gunearekin hitz egin dute: “Hortaz, ez da beharrezkotzat jo jende gehiagok probak egitea”.
Koalizioak lezoarrei eskatu die arduraz eta zuhurtziaz joka dezatela, “uneoro osasun segurtasun neurriak zorrotz betez: musukoak uneoro erabili eta eskuak maiz garbitu”.