Berdintasun politiketan formazioa jasotzen ari dira udalbatzako kideak
Gobernu taldeko zein oposizioko zinegotziak aste honetan ari dira formazioa jasotzen. Udalek legez txertatu behar dute berdintasun ikuspegia.
Oiartzungo gobernu taldeko zein oposizioko zinegotziak formazio saioak jasotzen ari dira. Zehazki, berdintasun politiken ikastaroan ari dira aste honetan. Feminismo Sailak antolatu ditu ikastaroak.
Udalaren funtzionamenduan presente daude berdintasun politikak, legeetatik hasita. Horregatik, genero ikuspegiarekin politika aktiboak egin ahal izateko jasotzen dute formazioa. “Funtsezkoa da udal hautetsiek kontzientzia hartu eta oinarrizko trebetasunak eskuratzea”, esan du udalak.
Beraz, udaleko kide guztiek —langileek zein ordezkari politikoek— ezinbesteko dute legedia ezagutzea, bakoitzaren esparruko betebeharrak ulertzeko eta lanerako tresnak ezagutzeko.
Iaz, udal teknikari guztiek jaso zuten genero formazio ikastaroa. Udaleko 24 teknikariek azaroan jaso zituzten saio horiek. Datorren udazkenean, berriz, iragarri dute administrariekin egingo dela formakuntza saioa.