Haurrek diseinatutako 'Basoa' jolas parkea auzolanean eraiki dute
Donibaneko parkea eraberritzeko prozesuak haurrak izan ditu ardatz. Udaleko langileen eta sanjuandar familien arteko elkarlanean eraiki dute elementu naturalak oinarri dituen basoa.
Hilaren 16ean “giro ederrean” ekin zioten lanei Pasaiako Udaleko langile eta udal-teknikari, guraso zein haurrek. Gaztetxoen imajinaziotik sortutako Basoa jolas parkeak indioen tipia, hari-eskailerak eta egurrezko elementuak ditu, beste hainbat osagai naturalen artean. JJ Otaegi plazaren eta frontoiaren arteko eremua auzolanean eraldatzea zen udalak uda honetarako zuen helburu nagusietako bat. Ostegunekoa aurretik egindako lanaren emaitza izan zen, parte hartze prozesu bat abiatu zutelako udalak, zein haur eta gurasoek parkea diseinatzeko.
Parte hartze prozesu honi 2019ko azaroan eman zitzaion hasiera, Haur eta Nerabeen Eskubide Sailak bultzatuta, gazteenen interesetik sortutako jolas eremu bat sortzeko asmoz. Proiektuak izan dituen hiru fase nagusietan (hausnarketa, diseinua eta sorkuntza), haurrak izan dira protagonista eta iniziatibaren bideratzaile nagusi.
Nahiz eta jolas eremu batzuk amaitu gabe gelditu ziren hilaren 16ean, laster emango dituzte azken zertzeladak eta Basoa-k ping-ponga, txirrista eta lur azpiko tunela, ere, izango ditu. Udalak adierazi duenez, parke honek inguruan dauden besteetatik “oso bestelakoa” izan nahi du, haurren irudimena oinarri duen jolas-eredu berria sustatzeko xedez.