Herriko hainbat komertziotan bonuak geratzen direla gogorarazi dute
Herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko bonuen kanpaina azken txanpan sartu da. Oraindik hainbat tokitan eskura daitezke.
Oiartzungo Udalak COVID-19aren eragin ekonomikoa arintzen laguntzeko bonuak atera zituen, merkataritza txikia eta ostalaritza suspertzeko asmoz. Maiatzean abiatu zen, eta herritarrek 30 euroko txartela erosita 40 gasta zitzaketen.
Udalak arrakastatzat jo du bonuen kanpaina, establezimendu askotan bukatu baitira.”Laguntza erosleei eman diegu, euren erosketa-ohituretan eragin nahi izan dugu, herriko eta auzoetako establezimenduetara joan daitezen”, adierazi dute.
Hala ere, oraindik hainbat tokitan geratzen direla gogorarazi du udal erakundeak. Hilaren 31 izango da bonuak trukatzeko azkeneko eguna. Honako tokietan geratzen dira bonuak oraindik:
- Goxokidenda.
- Oiartzun autoeskola.
- Urkola optika.
- Sasoiko janariak.
- Txintxosta ileapaindegia.
Kanpaina hasi zenean 34 establezimenduk bat egin zuten. Pixkanaka denda eta jatetxe gehiagok bat egin zuten, eta 43ra iritsi ziren. Horietatik 38tan bonuak bukatu dira, eta gelditzen direnetan erostera animatu du udalak. Guztira 25.000 euro bideratu ditu udalak.