Igandean, estropadak badian
Etzi, goizez eta arratsaldez, KAEko bi ligetako eta ETEko estropadak jasoko ditu Pasaiako badiak. Pasaiakoak ez diren taldeetako zaleek ezin izango dute estropadak ikustera joan.
Bigarrenez aurtengo udan, estropadak Pasaiako badian. Hilaren 11n egin zituzten KAEko bi ligetako eta ETEko lehenak badiaren barrualdeko eremuan, eta etzi ere horrela izango da. 11:00etan hasiko da emakumeen ETE Ligako laugarren estropada, 12:00etan gizonen KAE1ekoa, eta arratsaldeko seietan KAE2koa. Bihar Zumaian dituzte lehiak liga horiek, puntuagarriak diren hirugarrenak dira.
ETEko estropadan San Juanek joan den asteburuan eman zuen aurrerako urratsa berretsi nahiko du, bigarren izan zirelako batelerak Getarian, Tolosaldearen atzetik. Hibaika, berriz, indartzeko bidean lanean jarraitzera aterako da badiara. IV. Adegi Bandera izango dute jokoan, bi txandatan: lehena bost trainerukoa da, bigarrena laukoa. Hiru luzeko eta bi ziabogako lana dute.
KAE1en, San Pedro lidergoa sendotzera aterako da asteburuan, eta etxean erakutsi nahiko dute Eusko Labelera igotzeko hautagai sendo direla. San Juanek, berriz, beste koska bat gora egiteko asmoa du. Hauek ere IV. Adegi Bandera irabazteko egingo dute bogan. Launa traineruko hiru txandakoa da lehia (sei luze eta bost ziaboga).
KAE2n, Hondarribia B eta Hibaika joan den asteburuko postuak hobetzera aterako dira. Errenteriako Udala-Errenteria 700 bandera dago jokoan kategoria honetan: lehen txandan hiru traineru ariko dira, eta beste bietan launa. Sei luzeko eta bost ziabogako jarduna dute.
Zalerik ez
Pasaiako Udaltzaingoak neurri zehatz eta zorrotzak hartuko ditu etziko estropadari begira. Pasaiatik kanpoko arraun elkarteei eskatu die, haien zaleei esateko ez daitezela Pasaiara etorri: «Udaltzaingoak neurri zorrotzak hartuko ditu, bai segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko, eta bertakoak ez direnei San Pedro eta Donibanera sartzen ez uzteko: horretarako kontrolak eta seinaleak jarriko dira». Arreta berezia jarriko dute Donibanen.
Udaltzaingoak estu lan egin du Sanpedrotarra Arraun Elkartearekin eta San Juan-Koxtape Arraun Elkartearekin antolaketa lanean. Eskerrak eman dizkiete.
Eusko Label eta Euskotren
Eusko Label eta Euskotren ligetako Hondarribiko traineruek Bilbon (bihar, 18:00) eta Lekeition (etzi, 12:00) dituzte asteburuko estropadak.