Hiru lagun atxilotu dituzte, Lanbarrengo enpresa bat lapurtzen saiatzeagatik
Ertzaintzak bi gizon gazte eta emakume bat atxilotu ditu igande arratsaldean. Garraio enpresa batean lapurtzeko saiakera egiten ari zirela jakinarazi dute.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, hiru lagun atxilotu zituzten atzo arratsaldean —16:00ak inguruan— Lanbarren industriagunean. Atxilotuak 43 urteko emakume bat eta 21 eta 23 urteko bi gizon gazte dira.
Iturri berak jakinarazi duenez, garraio enpresa bateko segurtasun zaindariek abisua eman zuten, lantokiko atea bortxaz ireki eta barrura sartzen ikusi zituztelako.
Ertzainak tokira iritsi zirenean, ikusi zuten atea bortxaz irekita zegoela, eta lantegiaren eremu barruan auto bat zegoela. Ibilgailuak ateak eta leihoak irekita zituela, “modu susmagarrian”. Hiru pertsonak ihes egiten saiatu ziren, baina ertzainek harrapatu egin zituzten.
Horrez gain, poliziakideek hainbat erreminta aurkitu zituzten ibilgailuaren barruan, ustez atea irekitzeko erabili zituztenak. Hiru atxilotuak epailearen aurrera eraman dituzte, gaur goizean bertan.