Kontzertu bat kanpandorretik eta beste bat Arizmendienean, astebururako plana
Asteburu honek Kulturabirusaren uztaileko eta abuztuko egitarauen arteko zubi-lanak egingo ditu. Harri Beltzaren kontzertua eta arozenatarrena izango dira plater nagusiak.
Kulturaren birusa zabaltzen ari da Oiartzunen. Asteburu honetan uztailetik abuztura pasatuko gara, eta Kulturabirusa izeneko kultur iniziatiban antzekoa izango da. Orain arte herriko sortzaileak —oro har— izan dira protagonista, eta asteburu honetatik aurrera eragileen txanda izango da.
Bihar, San Inazio Egunarekin, Harri Beltzak antolatutako urteroko kontzertuaren txanda izango da. 19:30ean hasiko da. Aurten ez dute hutsik egingo, baina formatua aldatuko dute: elizaren barrualdean izan beharrean, kanpandorrera igoko dira, eta handik ezkilen hotsak eta dultzainenak barreiatuko dira Oiartzunen barrena.
Joseba Errekalde Harri Beltza elkarteko kideak azaldu duenez, biharko kontzertuak bi helburu izango ditu. “Lehen helburua da hor lanean jarraitzen dugula erakustea. COVID-19arekin, Hiesa duten pertsonek behar handiagoa dute, gaixotasun kronikoa delako”, adierazi du. Bigarren helburua zen, garai zailak bizi arren, kontzertuarekin jarraitzea. “Hori bai”, zehaztu du Errekaldek, “ezin genuen zerbait makroa egin”.
Formatua berritzailea izango dela nabarmendu du. Oiartzungo ezkilajoleekin eta Herri Musikaren Txokoarekin prestatutako kontzertua ez da lau paretaren artean geratuko, herri guztiarentzako izango baita. Gomendioa eman du Errekaldek: “Biharko kontzertua ezin hobea da taberna bateko terraza batetik entzuteko, kafe bat edo kaña bat hartzen, edo Ibargainen itzalpean. Norabide egokiena kanpandorretik Altzibarrera doana izango da”.
Arozenatarren saga
Larunbaterako, berriz, txistu soinuak nagusituko dira. Arozenatarren ttun-ttunak Bado ze jua ta ze kantatua! izenburupeko kontzertua emango Arizmendieneko lorategian, 19:00etan hasita (eguraldi txarrarekin, udaletxera pasatuko da).
Aitor, Urko eta Xanet Arozena Muxika anaiak XIX. mendean Lizartzan sortutako txistulari saga baten laugarren belaunaldiko kide dira. Txikitatik izan dute musikarako grina, eta txistulari taldeetan —Lartaunen, nagusiki—, abesbatzatan, rock, soul edo erromeria taldeetan ere aritu dira.
Urteak dira hiru anaiak Arozenatarren ttun-ttuna izenarekin emanaldiak eskaintzen ari direla, bateria, gitarra eta txistua formatuan. Umore punttua jartzen diote bere saioei.
Aurten ez da Xanisteban Eguneko txistulari kontzerturik egingo, eta, horregatik, egun horretako errepertorioko kantak zein taldearekin eskaintzen dituztenak uztartuko dituzte arozenatarrek. Hiru zatitan banatutako kontzertua izango da.
- Oiartzunekin zerikusia duten txistu doinuez osatutakoa: Juanito Oñatibiak sortuak; XIX-XX mende bitartean herriko tanbolinteroak izan ziren Goikoetxeatarren errepertoriokoak; Oiartzunekin lotura zuten konpositoreen obrak…
- Txistularitza erakusle den errepertorio aukeratua: Dantzak, kontzertukoak, artzainen doinuak…
- Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena eta Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenak harira, kanta sorta zabal bat, bertaratzen diren ikus-entzuleekin batera kantuan jarduteko asmoz.
Larunbateko kontzerturako sarrerak turismo bulegoan eskura daitezke (10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara dago irekita). Pertsona bakoitzak bina sarrera eskura ditzake.
Astelehenean, Xanisteban Egunarekin, 09:00etan diana joko dute, eta 10:30ean ezkila jotzeen txanda izango da. Astelehenerako, berriz, herriko taldeek musika auzoetara eramango dute, 11:00etatik aurrera.