Parke eolikoari alegazioa jarriko dio udalak, eta AHTaren trazatuari, txostena
Uztaileko plenoa mamitsua izan da. AHTarekin zerikusia duten bi puntu aztertu dituzte. Zaharren etxeak ere hizpide izan dituzte.
Ikasturte politikoko azkeneko plenoa egin zuten atzo arratsean. Mamitsua izan zen, pisuzko gaiak jorratu baitzituzten.
Ahobatezko erabakiarekin hasi zen plenoa. Zehazki, Oiartzungo Udalak Auzoberri-Endaran parke eolikoa egiteko proiektuari alegazioa jartzea adostu zuten EH Bilduk eta EAJk. “Parkeak Nafarroatik kanpoko mugakide diren herrietan zein inpaktu izango duen ez dute neurtu”, esaten du alegazioak. Proiektua Aiako Harria parke naturalaren ondoan egotea ez dutela kontuan hartu nabarmendu dute bertan.
Jexux Leonet alkatearen esanetan, proiektuak eragin negatiboa izango du Oiartzunentzako, eta Aiako Harriarentzat. Jakinarazi zuenez, lan sakona egin dute alegazioa prestatzeko.
Endara Bizirik plataformako hainbat kide hurbildu ziren pleno aretoa. Udalari eskerrak eman zizkioten, txostena prestatzeagatik.
AHTaren trazatuari, txostena
AHTaren Astigarraga-Lezo trazatua Oiartzundik pasatuko da, eta horren kontrako txostena onartu zuten. Kasu horretan, EAJren abstentzioarekin. Hirigintzako, ingurumenako eta sozioekonomiako argudioak eman ditu udalak.
Arrazoi nagusienak honakoak dira: Tajo enpresa eraitsi beharra (90 langile ditu), jendea bizi den eremuetatik oso gertu pasatuko litzakeela, eta nekazaritza zein abeltzaintzarako baliagarriak diren lurrak hondatuko lituzkeela.
“Azken txostena prestatzeko oso epe laburra utzi digutelako, herritar eta erakundeen parte-hartzea zaildu du horrek”, kexatu zen Oiartzungo alkatea.
AHTarekin lotutako mozio bat izan zuten mahai gainean, Orain Ardura plataformakoek aurkeztu eta EH Bilduk eramandakoa. Trena eraikitzeko dirua oinarrizko zerbitzuetara bideratzeko eskatzen du plataformak.
EH Bilduk aldeko botoa eman zuen. Eneritz Arbelaitz Ingurumen zinegotziaren arabera, botoaren norabidea aurreko puntuko arrazoiek zehaztu zuten.
EAJ, berriz, abstenitu egin zen. Janire Mitxelenaren arabera, trenak “Euskadi garatzen jarraitzeko apustua” da.
Zahar etxeetako lan gatazka
Gipuzkoako zahar etxeetako lan gatazka bideratzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiari langile eta patronalaren arteko mahaia eskatu zuten. EH Bilduk aldeko botoa eman zuen. “Duela hilabete batzuk langileek gaia ekarri zuten plenora, eta orduan bezala, bat egiten dugu. Uste dugu beharrezkoa dela lan gatazka hau bideratzea”, esan zuten koalizio abertzaleko zinegotziek.
EAJk abstentzioaren bidea hartu zuen, aurreko aldian kontra bozkatu bazuen ere. Rafael Bergaretxek azaldu zuen aldaketaren arrazoia: “Mozio honek tonu eraikitzaileagoa dauka”.
Gainontzeko puntuak
Gainontzeko puntuei dagokionez, Enara Odriozola izango da ordezko bake epailea. Aho batez onartu zuten bere izendapena.
Horrez gain, ELI2 eremuko lurren kalifikazioaren inguruan Orio-Txoko Txikik eta udalak zuten auziaren izan zuten hizpide. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak eman duen sententziaren berri eman zen. Udalak 91.697,21 euroko kalte ordaina eman beharko dio Orio-Txoko Txikiri, landa lur gisa kalifikatzeagatik haren jabetzako eremu bat.
Aristegi etxearen eta Aldabe-enearen arteko herri bideen mugaketa ere onartu zen, aho batez. Mugaketa publikoa hilaren 15ean egin zen, eta Aldabe-eneko jabeek desadostasuna adierazi bazuten ere, herri bidearen mugak zehaztuta geratu dira.