Bukaerara iritsi da XXXVII. Euskal Herriko Pala Txapelketa irekia
82 bikotek parte hartu dute denera, eta azken urteetako finalik «politenak» eta «orekatuenak» izan direla adierazi dute antolatzaileek.
Girizia elkarteak Oiartzungo Udalaren laguntza eta babesarekin antolatutako XXXVII. Euskal Herriko Pala Txapelketa irekia bukaerara iritsi zen larunbat goizean Madalensoro pilotalekuan izandako lehian. Azken urteetako finalik «politenak» eta «orekatuenak» izan direla adierazi dute antolatzaileek. 82 bikotek parte hartu dute guztira lehiaketan.
Hala, gizonezkoen lehen mailan Arregik eta Huegunek osatutako bikotea 25-21 gailendu zitzaion Aizpuru eta Erburu bikoteari. Partida osoa aurretik eman zuen lehen bikoteak eta azken txanpan galtzaileak markagailura hurbildu ziren arren, ezin izan zuten emaitza irauli. Hirugarrenez irabazi du Huegunek txapelketa.
Emakumeen kasuan, Galdos eta Urdangarin bikoteak 25-18 irabazi zien Eizmendi ahizpei. Galdos izan da finalisten artean oiartzuar bakarra eta antolatzaileen arabera, «lauetatik onena izan zen eta aise bideratu zuen partida».
Gizonezkoen beste bi mailei dagokienez, Zurutuza eta Manterola hernaniarrak izan ziren garaile 3. mailan Agirre eta Mendigain bikoteari 25-23 irabazi ondoren. Eta 2. mailan Eskudero eta Beloki bikoteak txapelak nola ihes egiten zion ikusi zuen azken txanpan, Gallastegi eta Etxeberria bikoteak markagailuari buelta eman eta 25-24 irabazi eta gero.