Hamalau urtez azpikoak udan zaintzeko diru-laguntza eska daiteke
Osasun krisiaren ondorioei erantzuteko Talka eta Suspertze planaren laugarren neurria da abiatutakoa. Irailaren 15era arte izapidetu dezakete eskaera interesdunek.
Hamalau urtez azpikoak zaintzeko diru-laguntzak eska daitezkeela dagoeneko jakinarazi du Errenteriako Udalak ohar baten bidez. Koronabirusaren ondorioei aurre egiteko Talka eta Suspertze planaren laugarren neurria da, eta irailaren 15era arte eska dezakete diru-laguntza interesdunek.
Diru-laguntza lerro hau ekainaren 12an aurkeztu zuen Errenteriako Udalak, eta azaldu duenez, ikasturtea hasi bitartean zaintza kontratatzeko laguntza eskaintzea da xedea. 30.000 euroko diru-saila bideratuko du tokiko gobernuak horretarako, eta ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera gauzatutako kontratazioak dira diruz lagunduko dituenak.
Irizpideei dagokienez, Errenteria-Oreretan erroldatuta egon beharko dira eskatzaileak, urtero 45.000 eurotik beherako errenta izan beharko dute, eta hamalau urtez azpiko adin txikikoak izan beharko ditu haren kargupean. Irizpide orokorrak beteta, norberaren egoeraren arabera diru-laguntza kopurua ezberdina izan daitekeela jakinarazi du udalak. Oinarri guztiak bertan irakur daitezke.