Pasaiako Portuko sutetik bi urtera ez dela gertatutakoa argitu salatu du Eguzkik
Bi urte hauetan gertakariaren gaineko informaziorik ez dela plazaratu dio talde ekologistak, eta erantzukizunak argitzeko galdegin die alderdi politikoei.
2018. urteko abuztuaren 2an Pasaiako Portuko Lezoko moilan kokatutako txatar blokeek su hartu zuten zortzi orduko sute ikusgarria eraginez. Bi urte hauetan, baina, ez dela gertakizunaren gaineko argibiderik eman salatu du Eguzki talde ekologistak komunikabideetara igorritako idatzian; areago, oraindik ez dela erantzukizunik eskatu erantsi du taldeak.
Txatar salerosketara dedikatzen diren enpresetako aseguru etxeak hondakinak zeinek eramango dituen argitzeko borroka batean daude Eguzkiren arabera, eta gogorarazi duenez kiskalitako blokeak bertan segitzen dute, ordaintzea zeini dagokion argitzeko zain. Hala ere, «diruz bakarrik» arduratzen direla horiek gaineratzen du gutunean, «ez baitago batere argi epaitegietan ingurumenaren edo osasun publikoaren aurkako delitu bat epaitzen ari direnik».
Hala, gertatutakoa ikusita, prebentzio, kontrol eta zaintza neurri «egokiak» hartzen ote dituzten Pasaiako Portu Agintaritzak eta Eusko Jaurlaritzak kolokan jartzen du kolektibo ekologistak, eta gardentasun «handiagoa» egon beharko litzatekeela argudiatuta sutearen nondik norakoak argitzeko galdegiten die erakunde publiko zein alderdi politikoei.
Irakurri bere osotasunean: Bi urte txatar blokeek su hartu zutenetik Pasaiako Portuan