Liburuek ez dute hautsik
Beste zerbitzu, lantoki eta erakundeek bezala, Manuel Lekuona bibliotekak ere bai bere burua berrasmatu behar izan du COVID-19aren eraginez. Bilakaeraren berri eman dute bertako arduradunek.
Itxura berrituarekin hasi zuen urtea Manuel Lekuona bibliotekak. Fatxadetako bat urdinez margotu zuten, «aldaketa erradikal bat» eman eta eraikina nabarmentzeko, udalak bere garaian azaldu zuen bezala. Koloreen psikologiaren arabera, urdina lasaitasuna eta erlaxamendua bezalako kontzeptuekin lotzen da.
2020 urte honetan bi kontzeptu horiek ez dira soberan. COVID-19ak dena baldintzatu zuen; tartean Oiartzungo nahiz Oarso Bidasoko biblioteken funtzionamendua bera. Herriko eraikin publiko gehienak bezala, martxoaren 13an itxi zuten, eta maiatzaren 27ra arte ez zuen bisitarik jaso.
«Gure lana ez zen eten», gogorarazi dute bibliotekako arduradunek. «Barruko lanak egiteaz gain, konfinamendu garaian beharrak aldatu ziren eta gure lana behar horietara moldatu genuen», gaineratu dute. Bereziki, euskarri digitaleko eskaintza indartu zuten. Liburu eta filmak euskarri fisikoan hartu ezin zitezkeenez, konfinamendu garai hartan irakurketa digitala areagotu zela nabarmendu dute. Horretarako, eLiburutegia eta webgunea erabili dituzte.
Konfinamendu garaian modu digitalean lan egin behar izan dute
«Guk bitartekari lanak egin ditugu», azaldu dute, «eLiburutegia erabiltzeko behar den erabiltzaile zenbakia eta pasahitza eman diegu. Horrez gain, bazkide berriak egin ditugu, eta nola erabiltzen den erakutsi diegu».
Egoerak hala behartuta, eguneroko ohiturak aldatu behar izan ziren, eta sudurra pantailara gehiagotan eraman. Itxialdiak kultur egitarauan sortutako hutsunea estaltzeko saiakera egin zuten. Horregatik, astean behin, Lur Korta ipuin kontalariak saioa eskaini zien haurrei, Youtube bidez. «Jendeak denetariko aisia proposamenak behar zituen, eta horregatik antolatu genituen saio haiek. Harrera ona eduki zutela esango genuke; herritarrek eskertu zuten».
Haurrek ez ezik, helduek ere beren premiak ase behar izan zituzten. Pandemiak ikasturte betean harrapatu zuen Irakurketa Taldearen jarduna, eta modu telematikoan iruzkindu behar izan zituzten irakurritako liburuak.
Horrela izan zen berriro elkartzeko aukera izan zuten arte, pasa den ikasturteko azkeneko saioan, ekainean. «Distantzia, musukoa eta eskuak garbituz elkartu dira. Orain berriro elkartuko dira, liburutegian bertan, segurtasun neurriak betetzen», iragarri dute.
Mailegu fisikoetara buelta
Manuel Lekuona biblioteka maiatzaren 27an ireki zuten berriro, segurtasun neurri zorrotzekin. «Erabiltzaileek ezin zuten ezer ere ukitu. Behar edo nahi zuten liburua liburuzainoi eskatu behar ziguten. Horretarako eskaerak aurrez egin behar ziren, helbide elektroniko baten bitartez, telefonoz, edo bertan baina guri eskatuta». Beraz, liburutegietako apaletan kuxkuxean aritzea ahaztu behar zen… Modu horretan, aitortu dute ez
zela jende asko hurbildu bibliotekara.
Baina hilabete besterik ez zuen horrela iraun. Ekainaren bukaeran, pauso bat gehiago eman, eta erabiltzaileak apalen artean ibiltzeko baimena eman zuten, neurriak hartuta. Liburuak erabiltzaileek eurek har zitzaketen, eta tarte batez gera zitezkeen liburutegian bertan —edukiera mugatuarekin—. Pixkanaka jende gehiago hurbiltzen hasi zen liburutegira, eta egun indarrean jarraitzen dute neurri horiek.
Manuel Lekuona bibliotekan arriskurik ez dagoela ziurtatu dute bertako arduradunek. «Itzultzen diren liburu eta dokumentu guztiak berrogeialdian uzten ditugu kaxatan zazpi egunez. Beraz, jada ohikoak bihurtu diren beste neurriekin —musukoak, distantzia eta eskuen garbiketa— batera, honek guztiak biblioteka toki seguru bihurtzen duela esan daiteke».
Ordenagailuen gela eta Ikasle Gela martxan daude, neurriekin
Neurrien malgutze horrek jende gehiago erakarri du udaran. Eta udara —ohiko baldintzetan, behintzat— irakurketarako urtarorik aproposena izan ohi da. Gainera, liburutegiko arduradunen arabera, urteko sasoi horretan bakarrik agertzen diren erabiltzaileak daude.
Aldi baterako erabiltzaileek zein ohikoek ez dute opor garaian hutsik egin: «Gehien mailegatutako liburuak, helduen artean, eleberriak dira, mota askotakoak: beltzak, historikoak edo erromantikoak… Haur erabiltzaile asko ditugunez, haurrentzako ipuinak ere asko mailegatzen dira».
Ikasle Gela, irekita
Bibliotekako langileek gogorarazi dutenez, ikasturte hasiera honetan jarraituko du liburuek hautsik pilatzen ez uzteko aukerak. Neurriak orain arteko berberak izango dira. Liburutegiaren zerbitzu bakarra ez da liburuen joan-etorriak kudeatzen dituena, ordea.
Ikasle Gela da gazte —eta ez hain gazte— askok erabiltzen duten espazioa, eraikineko beheko solairuan. Momentuz behintzat, bibliotekaren ordutegi berean irekita dago: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara; larunbatetan, goizez. Segurtasun neurriak bete beharko dira: musukoa, distantzia, eskuak garbitzea eta mahaiak desinfektatu.
Edukiera ere errespetatu beharko da. Goiko solairuan ordenagailuen gela dago. Lehen lau ziren erabilgarri zeudenak. Orain, berriz, bi dira, distantziak mantentze aldera. Erabili ondoren garbitu egin behar direla gogorarazi dute, dauden desinfektatzaileekin.
COVID-19aren kontrako txertoarentzako itxaron beharko da, baina, bitartean, Manuel Lekuona bibliotekan mailegatutako liburuak irakur daitezke.