Sandra Muñoz: «Txikitatik oso erraz barneratu dute birusa, asko harritu naute»
Ikasturte berri eta bereziari begira jarri da aditu errenteriarra. Egoera kontrolpean izateko gomendioak elkarbanatu ditu gurasoekin, eta mezu zuzena zabaldu du: «Lasaitasuna».
Sei hilabeteko etenaldiaren ondoren, latza egingo zaie haurrei berriz ere eskola presentzialak izatea?
Baietz esango nuke, baina denetarik egongo da. Ez dira geldirik egon, egur dezente eman diete ikastetxeek etxean, baina egia da martxa hartzea kosta egingo zaiela. Badira haur batzuk beldurrez daudenak itzultzeko, baina familian eramandako dinamikak lagundu dezake egoerari bira ematen. Gehienak gogotsu daude berriro laguntxoekin topatzeko. Handiagoak direnak ere sozializatzeko gogoz daude, luzeak egin zaizkie hilabete hauek.
Halere, itzulera ez da ohikoa izango. Psikologikoki prest daude egoera berrira egokitzeko?
Galdera izango litzateke ea gurasoak prest gauden horretarako. Ez daude prest, ez ditugulako prestatu. Guk ez dakigu nola izango den itzulera hori. Irailaren lehena da jada [asteartean elkarrizketatu zuen Hitza-k] eta ez dugu inongo erantzunik jaso. Ikastetxeak orain ari dira ahal duten neurrian itzulera prestatzen. Eta bidean emango diren aldaketa guztien berri eman behar diegu haurrei, modu lasaian, gidari lanak egin behar ditugu gurasook. Akonpainamendu hori egitea beharrezkoa izango da.
Konfinamenduak nolako eragina izan du haurrengan?
Oso zaila da hori orain jakitea, alde batetik historikoki ez delako horrelako egoerarik eman sekula, ez dugu inongo erreferentziarik galdera horri erantzuteko, eta bestetik, denbora oso gutxi pasatu delako birusaren agerraldiaz geroztik. Etxean konfinatu gintuztenean denek pentsatzen genuen egoera oso larria izango zela haurrentzako, baina egia esan errealitatea ez zen hori izan. Haur txiki gehienek gustura hartu zuen konfinamendua. Ordutegiak kanpo, eskolatik kanpo eta etxean goxo-goxo aitatxo eta amatxorekin. Erritmoa gelditu zuten, denak barrura begira jarri genituen, eta primeran erantzun zuten. Baina nerabeek, adibidez, ez dute modu berean bizitu konfinamendua. Zein ondorio psikologiko izango ditu honek? Ez dakigu ziur, aurrerago ikertu beharreko zerbait izango da.
Zein gabezi plazaratu ditu?
Alde batetik, teknikoki ikusi da familia askok analfabetismo digitala pairatzen dutela, hutsune handia dago esparru horretan. Haurrek zailtasunak izan dituzte, baina gurasoek ere bide horretan gidatzeko ere zailtasunak izan dituzte. Bestalde, alde handia dago familien artean. Familia askok denetarik dute: ordenagailua, sakelako telefonoa, tabletak… Baina beste familia askok ez zuten Interneterako sarbiderik. Ezberdintasun handia sumatu da. Gero ohartu gara autonomoak izateko orduan, hau da, lanak eta ikasketak bakarrik egiterako garaian, autonomia maila oso baxua dutela haurrek, hori familia askok esan dute.
Haurrak koronabirusaren gaia asimilatzeko edo ulertzeko gai izan dira?
Oso erraz barneratu dute birusaren gaia, asko harritu nau horrek. Gaiaren gaineko ipuin asko zabaldu ziren konfinamendu garaian sare sozialetan, koronabirusa azaltzeko baliagarriak izan zirenak, oso politak eta txukunak. Gehienek ulertu dute zer nolako arriskua dakarren birusak, eta zeinen garrantzitsua den neurriak egoki hartzea. Zer nolako eragina izan dezakeen edo zein neurriraino den garrantzitsua birusa? Hori adinaren arabera ezberdina da.
Adinaren araberako diskurtso bat eraikitzea da garrantzitsua, beraz.
Hori da, oso ezberdina da egoera. Txikienak instrumentalagoak dira, hau da, gaixo edo ez gaixoren arteko erlazioa ulertzen dute, baina handiagoak hausnarketa konplexuagoak egiteko gai izan dira. Bestalde, familian zer nolako laguntza jaso duen ikusita, larritasun puntu bat ere sor daiteke haurrarengan, hori kontuan hartu beharrekoa da. Nola kontatu oso garrantzitsua da. Eskuak garbitzea, eztula dugunean ukondoa jartzea eta distantzia mantentzea, hori guztia azaltzea funtsezkoa da. Eta adinaren arabera, diskurtso bat edo bestea erabili beharko dugu.
Haur txikienek arreta orainean dute. Konfinamendua gehienek oso ondo hartu zuten; baina nerabeek, aldiz, arlo sozialaren falta hori sumatu dute. Familientzako ere zaila da kudeatzea. Zaila da nerabe bat etxean hainbeste orduz egotea. Ahal izan duten neurrian kalera atera dira eta kriminalizatuak ere izan dira kasu askotan. Kalera ateratzerakoan sozializatzen hasi ziren, normala den bezala, adin horietan beharrezkoa den bezala, eta begirada beraiengan jarri zen, erantzukizuna haiena izango balitz bezala. Baina denena da, eta bereziki helduon kontua da hau nola kudeatu.
Eta gurasoak, nola ari dira egoera berri hau bizitzen?
Uste dut gai honetan ere alde handiak egon direla. Errealitate ekonomiko ezberdinak daude, koronabirusaren aurretik familia bakoitzak jada bere izaera zuen eta horrek ere eragin handia izan du. Ez da berdina bi gurasoak telelana egiten egotea edo biak aldi baterako lan erregulazio espediente batean egotea, etorkizunean zer etor daitekeen jakin gabe. Zaila da 24 orduz elkarbizitzen egotea.
Zu ere ama izanik, nola aurreikusten duzu ikasturte honen hasiera?
Nik arraroa eta aldakorra izango dela aurreikusten dut. Moldatzeko gaitasuna garatu beharko dugu gurasoek. Inkognita horrekin bizitzen jakin beharko dugu eta haurrei segurtasuna eman beharko diegu une oro. Momentu honetan ez dakigu zer gertatuko den eta hori errealitate bat da eta horrela transmititu behar zaie, lasaitasunez eta inolako dramatismorik gabe. Garaiaren arabera moldatzen jakin beharko dugula helarazi behar diegu. Beste guraso guztiak bezala, zain gaude ea zer esaten diguten, eta denborak aurrera egin ahala ikusiko dugu zer gerta daitekeen.
Egoera zail hau kudeatzeko gomendiorik gurasoentzako?
Lasaitasuna. Hori da hitz gakoa. Gurasoek egoera nola bizitzen dugun, horrek eragin zuzena du haurrengan. Egia da ez dakigula zer gerta daitekeen, baina bai azaldu behar diegula eragin negatiboak izan ditzakeela birusak. Haurrek ez dute hori zertan ulertu behar, gainera txikiak badira are gehiago, beraz, lasaitasuna. Beharrezkoa da neurriak ondo transmititzea. Gaixotasun bat dela kontatu behar diegu, munduan zientoka gaixotasun daudela, eta urtero gaixotzen garen bezalaxe aurten ere gaixotu gaitezkeela. Horren aurrean ere prest egon behar dira, esaterako, termometroarekin tenperatua hartu behar badiete jakin dezaten ez dela zerbait arraroa, baizik eta egin beharreko gauza bat. Eta kontziente izan daitezela errealitate berri baten aurrean aurki gaitezkeela.
Egoera luzatzen bada, zer nolako eragina izan dezake haur horien heziketan?
Erabatekoa. Txiki-txikiak direnetik garatzeko modua gauzak ukitzen eta ahora eramaten da, eta orain bekatu mortala den zerbait da. Urte batetik beherako haurrak eskolara eramaten baditugu, asko zaindu beharreko kontu bat da. Saiatu behar gara ahal den neurrian haurra garatzen uzten, eta horretarako espazioak egokitu beharko dituzte, hori guztia modu seguru batean egin dezaten.
Helduagoak direnetan, aldiz, sozializatzeko garaian arazoak sor daitezke.
Patioak eta jolastokiak ez dakit nola egokituko dituzten, baina berez helburua da beraien artean ez erlazionatzea. Arriskutsua da adin horietan beldurrez erlazionatzea, ez da positiboa izango. Ondorioak zeintzuk izango diren ez dakigu, baina bai izango direla, eta asko.
Klasean birus kasurik azalduz gero, zein gomendio emango zenieke gurasoei?
Lasaitasun mezuaz gain, haur hori ez estigmatizatzea eskatuko nieke gurasoei. Asko ari gara erakusten zeinek duen koronabirusa, eta ez dugu ikusi behar gauza txar bat egin izan balu bezala. Gripeak eta katarroak bezala koronabirusa hartu duela ulertu behar dugu, besterik ez da. Ez du zertan inongo eragin negatiborik izan behar. Baina egia da birusa izanez gero kontu handiz ibili behar dugula gurasoek. Aiton-amonekin bereziki tentuz ibili behar dugu eta mezu hori transmititzea beharrezkoa da. Berdin du zure seme-alaba edo beste guraso batenak hartu badu, berdin du; azkenean edonori tokatu dakiokeen gauza bat da.
Eta berriro klase telematikoak hasten badira, zein hutsune bete beharko dira?
Oraingoan ikasketa txiki bat egin dugu, esperientzia izan dugu eta ikusi dugu garrantzitsua dela familiei nolabaiteko heziketa digitala ematea, gabezia hori agerian geratu baita, baina ez da bakarra izan.
Irakasteko modua ere aldatzeko unea iritsi dela uste dut. Aukera polita daukagu etxera itzuliz gero bakoitzak bere erritmoan ikasteko, bere mailan. Hezkuntza birplanteatzeko une egokia izan daiteke, baina hori ikastetxeek moldatu beharko dute. Begiratu beharko litzateke zein mekanismo aplikatu bakoitzaren erritmo hori aprobetxatu eta haien autonomia garatzeko.
Kontziliazioaren gaian ikusi dut nik hutsune handienetako bat. Ikusi dut baja eskainiko duela Espainiako Gobernuak gurasoak etxean geratu behar badira haurrak zaintzen, baina besterik ez dago. Haurrak etxean izan behar baditugu eta horri etxea zaindu, haurrei gida bat eman, gure burua kudeatu eta lana aurrera ateratzea gehitzen badiogu, egoera sostengaezina bilaka daiteke. Beharrezkoa da orain aurreikuspen bat egitea, gerora sustorik ez eramateko. Ez dakit zeinen konpetentzia izan daitekeen hori, baina bai ala bai egin beharreko zerbait da.
Zein dira, zure ustez, egoerari bira emateko eman beharreko pausoak?
Funtsezko gauza bat: familiak entzun behar dira, eta hauetan zein behar dauden identifikatu behar dira. Arazo handienetako bat hori izan da. Krisi honetan ez dira familiak entzun , ez zaie erantzunik eman, eta ez zaie ahotsik eman. Haurren beharrak kontuan eduki beharko ditugu oraingo honetan, aurreko konfinamenduan ez bezala. Konfinamenduan txakurrak atera genitzakeen baina haurrak ez, hori niretzat nahiko esanguratsua izan zen. Umeak kalean egoteko beharra du, erlazionatu behar dute, eta hori bai ala bai ahalbidetu behar da.