Irailaren 7a: memoria esnatzeko eguna
1936ko irailaren 7an Oiartzungo bi gazte fusilatu zituzten, lapurreta bat egitea leporatuta. Katin Txiki elkarteak erreferentziazko egun bihurtu nahi du, errepresioaren aurpegia erakusteko.
Aste hau ireki duen egunean —irailaren 7an— bete dira 84 urte faxismoak bere alderik ilunenetako bat erakutsi zuenetik. 1936ko irailaren 7an, Oiartzungo bi gazte fusilatu zituzten Altzibarko plazan: Segundo Lekuona, 26 urtekoa, Ugaldetxoko Igeru baserrikoa; eta Domingo Belaunzaran, 18 urtekoa, Iturriozko Gartxitene baserrikoa.
Hilabete eta erdi inguru pasa ziren tropa faxistek Oiartzun hartu zutenetik. 1936ko uztailaren 23an sartu ziren herrian, Lesakatik etorrita, eta lau egun geroago hartu zuten Oiartzungo udaletxea.
Mikel Mendizabal Katin Txiki elkartean buru-belarri sartuta dabil, memoria historiko ariketan. Oiartzuar gazte haiek zergatik fusilatu zituzten kontatu du, gerra testuinguru orokorretik abiatuta: «Oiartzun bi suren artean zegoen. San Marko, Txoritokieta eta Guadalupetik Beorlegi eta bere tropei egurra ematen zieten. Uste zuten Bilbora egun gutxitan iritsiko zirela, baina aurkitu zuten Donostiako kuartela, hasierako zalantzatiren bat uxatuta, Errepublikaren alde jarri zela».
Segundo Lekuona eta Domingo Belaunzaran fusilatu zituzten 1936an
Hiru mendi horietako gotorlekuetatik botatako tiro eta bonbek zein faxisten presentziak Oiartzun hutsarazi egin zuen; familia asko herrigunetik mendietako baserrietara joan ziren, eta hango ikuilu eta ganbaretan hartu zuten ostatu. Etxea utzi zuten familietako bat Igeru baserrikoak izan ziren. Gaur egun etxebizitza hori ez da existitzen; Audele albaitaritza zentroa dagoen tokiaren inguruan zegoen.
Igeru hutsa zegoenean, su hartu zuen. Arrazoiak ez daude argi, baina litekeena da bonba bat bertan erori eta su hartu izana, Katin Txikiko kidearen arabera. Segundo Lekuona bere etxearen egoera ikustera joan zen, ea zerbait errekupera zitekeen, Domingo Belaunzaranekin batera.
Elkar ezagutzen zuten, Belaunzaranen arrebetako bat Lekuonaren bikotekidea zelako.
Akatsa izan zen etxea izandakoa nola zegoen ikustera joatea. Igeru baserriaren inguru hartan bizi zen Barrios koronela. «Norbaitek bi mutilak ikusi zituen han inguruan, eta haien izenak eman zituen. Ergoiengo kartzelara eraman zituzten, eta epaiketa sumarisimo bat egin zieten: defentsa eta ezer gabe, erabaki bat hartu zuten. Fusila zitzaten agindu zuten», azaldu du Mendizabalek.
Katin Txiki elkarteko kidearen esanetan, Oiartzungo bi gazte haiek fusilatzeko arrazoia —horrela definitu badaiteke— izan zen eskarmentu bat eman nahi zutela, tropa faxistek izua zabaldu nahi zutela Oiartzunen. Horregatik, irailaren 7 hartan, Oiartzunen zeuden guztiak, gizon zein emakume, zahar edo gazte, deitu zituzten Altzibarko plazara (egun Martintxo kalea izena duena). Ia behartuta joan ziren. Han fusilatu zituzten Belaunzaran eta Lekuona.
Katin Txiki elkartearen asmoa da datorren urtean ekitaldi ofizial bat egitea, udalaren zein fusilatuen senideen parte hartzearekin. Ia urtebeteko epea dute ekitaldi hori lantzeko; Oiartzunek jasan behar izan zuen faxisten errepresioaren erreferentziazko eguna bihurtu nahi dute irailaren 7a.
Harmonikaren notak
Memoria historikoa lantzen duen elkarteak atxiloketa eta fusilamendu haiek bizi izan zituzten hainbat oiartzuarren testigantza jaso ditu (horietako bi irakur daitezke orrialde honetan).
«Lortu genuen testigantza bat», gogorarazi du Mendizabalek, «Tolare jatetxea dagoen tokian bizi zen emakume batena. Kontatu zigunean gorra zegoen, baina iloba batekin komunikatzeko gai zen, eta oso ongi hitz egiten zuen.
Hark esan zigunez, Ergoiengo espetxe hartan orduan entzun zuena kontatu zigun. Kartzela Pagotxikin eta Lagunzarrenen zegoen ez dakigu. Atxilotuta zegoen mutil horietako batek harmonika jotzen zuen. Fusilamenduaren bezperan ere jo zuen, eta norbaitek esan omen zion ‘jo ezak, bai, jo ezak, ez dakik-eta bihar zer gertatuko diken eta!’».
Fusilamenduan egon zen Rufino Arbelaitz Olalde zena, artean mutiko bat zela. «Sarjentoak lau aldiz jaso zuen besoa, eta gazteetako bati graziazko tiroa eman zioten, mugitzen ari zelako. Berak ez daki bi gazteetako nori eman zioten; txikia zen, eta bere aurrean errekete dezente zituen», laburbildu du Mendizabalek.
Irailaren 7 hartako hainbat testigantza jaso ditu Katin Txiki elkarteak
Fusilamenduen ondorengoen berri eman zuen Joakina Artolak. Bere hitzak gogorarazi ditu Mendizabalek: «Fusilamenduen ondoren, iratzargailu hura agertu zen. Artolak kontatu zigunaren arabera, ikusi egin zuen iratzargailua. Beste militar batek harrapatu egin omen zuen iratzargailua; hori guztia gertatu ondoren, beldurtu egingo zen eta bueltatu egin zuen».
Belaunzaran eta Lekuonaren gorpuak non dauden ez dakite. Hipotesi pare bat bota ditu Mendizabalek: «Ziurrenik kanposantura eramango zituzten. Gerran hil zituztenentzako Iragorrin hobi bat ireki zuten, eta denak hara bota zituzten. Fronteko gerratik kanpo hil zituztenekin, baina, ez dakigu zer egin zuten. Agian Erorien Harana esaten zaion tokian daude…».
Hamazazpi urte lanean
Katin Txiki elkarteak hamazazpi urte daramatza 1936ko uztailaren 18tik aurrera gertatutakoak ikertzen. Orduan hasi zen hari Gerra Zibila ez diotela esaten argi utzi du Mendizabalek. «Altxamendua erabiltzen dugu. Operazio militar bat izan zen, lur, itsaso eta airetik egindakoa, Italiako eta Alemaniako tropek Gipuzkoa eta Bizkaia ‘probintzia traidoreak’ zanpatzeko».
Ikertutako hori dibulgatzen saiatzen dira Katin Txikikoak. Elkartea 2003an sortu zuten, eta orduan kaleratu zuten Gau iluna. Altxamendu hura bizi zuten oiartzuarren testigantzak jaso zituzten. Bigarren filma 2009an kaleratu zuten: Isiltzen ez den isiltasuna. Mugarri bildumako liburu bati ere izena eman zion.
Bideo eta liburu horietan Iragorriko kanposantukoak azaltzen dituzte. Mendizabal: «Indusketa bat egin genuen 2007an, eta bost pertsonaren gorpuak aurkitu genituen —1960an beste zortziren gorpuak aurkitu ziren—. Hurrengo urtean hilerrira eraman genituen. Dokumentalean ikusten da zein jendek parte hartu zuen indusketan, eskultura bat jarri dela, parke bat…». Hirugarren dokumental bat orain dela bost urte findu zuten: trabajadoriak izan zituzten hizpide. Oarsoaldean 12.500 preso lanean aritu ziren behartuta. Katin Txikik horietako 8.000ren izenak jaso ditu.
Iragarri dutenez, laugarren dokumental bat editatzen ari dira, haur erbesteratuei buruzkoa. «Oiartzungo lau neska eta mutil erbestera joan ziren: Frantzia, Suitza… Dokumentalak azaltzen du nola joan ziren atzeraka-atzeraka Bilbora iritsi arte. Kontatzen dute nola iritsi ziren haraino, eta nola sartu zituzten barkuan, nora joango ziren jakin gabe».
Erbestean, adopziozko guraso batzuk jaso zituztela gogorarazi du Mendizabalek: hizkuntza ikasi behar izan zuten, bizimodu berri bati egokitu… «Momentu batean berezko familiak berreskuratu nahi izan zituzten, 10-12 bat urte zituztenean», azaldu du Katin Txikikoak. Erbestean bizi izan zutenarekin erabat ezberdina zen bueltan aurkitu zuten gizartea, Oiartzunera atzera bueltan.
Dibulgatzen jarraitzeko asmoa dute, eta ez bakarrik ikus-entzunezkoekin. Webgunea puntuan dutela jakinarazi du, eta bertan aurkitu ahal izango da Katin Txikik orain arte bildutako materiala. Horrez gain, altxamendua izan zen garaiko materialarekin erakustoki permanente bat egin nahi dute.
Zortzi lagun ari dira elkartean lanean: «Gure oporraldiak-eta aprobetxatzen ditugu Simancas edo Salamancako artxiboetara joateko». Memoria berriro lokartu ez dadin.
Lekukoen testigantzak
Katin Txiki elkarteak 1936ko irailaren 7ko fusilamenduak bizi izan zituzten hainbat oiartzuarren testigantzak jasota ditu Isiltzen ez den isiltasuna Mugarri bildumako liburuan. 2009koa da liburua, eta bertan jasotako testigantza batzuk zein argazkiak bere horretan bildu ditugu hemen.
Joakina Artola
Iyeru in zen erre erabat, ta bakizu, lengo etxe zarrak dena eurra ta pareta zar bat bakarra geldittu zen. Ta itxi hoi eroya ta nonbatte esan yote Xeundoi, «Xeundo itxia dena erre duk, Iyeru!»
Itxetik ateriak zian ta itxia hutsa. Eta Iyerukuak esan omen ziyon bere kuñadu berrai, Gartxitenekuai, ‘Ikusi nahi nikek ba gue itxe hoi nola geldittu den ta goazemak’. Ikusi omen zuten ta ezer ez, goyak bia jua ta jira ta jon omen zin.
Biyen bitartian ondoko itxian, Barrios militarran itxian, soldadu bat sartu da ta harrek hartua izango zen noski despertadoria, nik ez nun ikusi biño, eta despertadoria faltatu ziyola militarrak ta hoin lana zela. Ta ezetz ta bayetz, hor eaman ttuzte Altzibarko plaza gaxuak afusillatzeko.
Afusillatzeko jarri omen ttuzte ta konfesatzeko apaiza Don Jose Luis Lekuona eta konfesatu omen zittun eta esan omen zun «Estos no han robau ningún despertador, ya se han confesau y éstos no han sido», ta pin-pan! pin-pan! eman ta hor bota omen zittuzten gaxuak. Bat altxatzen e hasi omen zen gaxua!
Bai, ta geo biali naute gue itxian Ugaldetxoa ogi billa. Ta hartu nun hiru librako ogiya ta euri erasuak hor ekin nau, ta Azaleneko aurrian dena sasiya zen ta sasi tartian bano ba ta ikaragarrizko karraxiyak Barriosenin. Emakumiak eta atzetikan gizona ejuka. «¡Si, tú has mandau a fusilar a dos hijos del pueblo por el depertador! Y el despertador ya te han mandado a casa» ta esan nun «Ui ama!» aittu nun despertadoriangatik hil zittuztela ta au re ba aldugu? Ta itxea jon nitzan ta esan niyon amai «Ama! Hola ta hola!» «Ixillik zaude, hurrengua zu eamango zattuzte ta! Etzazu geo ezer esan!» «Esango dut ba!».
Bai ta hua gozin plaza jon zenin esniakin, ez esateko ordena nun biño, nik e hamalau urte banittun eta hango neskamiakin konfiantza banun, ta jon naz ba eta esan niyon «Zeles, ¿qué ha pasau aquí ayer?» ta «¿Cómo sabes?» «Estaba ahí y esto y esto». «Sí, resulta que querían zapatos para los niños y les dió dinero y se fueron al bingo y perideron el dinero», Barrios militarran emaztia ta bere ahizpa «y vinieron sin zapatos» eta klaro, militarra akordatu zenin goizin aber zapatak umianak ta zapatik etzutela ekarri. Ta dirua? Diruik ezta. Bi emakumiak aurretik ta hura atzetik seika ibilli omen zila itxian ta ordun esan zin «el despertador, cuando se enteraron que habían fusilau a dos chicos en Oyarzun mandaron desde el frente de Zumarraga, y mira el despertador».
Rufino Arbelaitz Olalde
«Hemen [Altzibarren] ikusi genuna nola in zittuzten hemendik hartu ta geo horrea eaman, kotxetik ateta».
«Honea kotxen batin ekarri zittuzten, seuraski Ergoindik ekarriak edo holakon bat izango zila. Haik hemen jarri zittuztela behintzat begiak tapatuta».
«Don Jose Luis eta Errotaberriko iloba kapitana militarra ta biek ziala».
«Han jarri ta benga, deskarga! Irundarreneko petrillan gañin gu hiru mutikozkor. Ta hua ikusi ta geo martxa ogian bila kalea. Beko ostatuko paretan hil zittuzten, sei edo zortzi reketeko pelotoi batek. Sarjentuak lau aldiz eskua jetxi zuanian deskarga egin ta biak lurrera, baina bat mugittu egitten ta sargentuak ‘tiro de gracia’ eman zion».