Sentsibilizazio kanpaina batek Lezo bisitatuko du ez-jaien harira
Ostalaritza sektorera bideratutako dinamizatzaile talde batek bisitatuko du Lezo indarrean dagoen osasun araudiaren inguruko azalpenak emateko irailaren 13an eta 14an.
Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak jakitera eman duenez dinamizatzaile talde batek Lezo bisitatuko du irailaren 13an eta 14an.
Asmoa ostalaritza eremu segurua dela aldarrikatzea eta pandemia eteteko neurri egokiak sustatzea da, hala nola musukoaren erabilera, distantzia soziala eta eskuetako garbitasunean fokua jarriz. Era berean, musukoak banatuko dituzte herritarren artean. Zehaztu dutenez herriaren erdigunean zentratu dute kanpaina, izan ere bertan egoten da jende pilaketa handiena.
Iragarri dute gazteei zuzendutako kanpaina dela batez ere, kolektibo hau delako COVID-19aren zabalkundea geldiarazteko sentsibilizazio eta pedagogia lan gehien eskatzen duena.
Programa hau uztailetik dago abian hiru lurraldeetan Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta Euskadiko ostalaritza sektoreko ordezkarien arteko elkarlanaren ondorioz.
Jadanik Gipuzkoako hainbat udalerri bisitatu dituzte tartean Errenteria-Orereta, Oiartzun, Irun eta Hondarribia. Instituzioetako ordezkariek pandemiaren aurka egiten ari diren lana nabarmendu nahi izan dute ostalaritza sektoretik.