Bonantza, Pasai Donibaneko harribitxia
Udan ateak ireki ondoren, gaur ospatuko du elizak bere egun handia. Arratsaldeko 19:30tan izango da meza. Boluntario talde batek arduraz hartu du 1738an eraikitako tenpluari bizia emateko ahalegina.
Pandemiak gizartearen ohiturak aldatu ditu. Kirola, klaseak, antzerkiak, kontzertuak, pertsonen arteko harremanak… Mila gauza aldatu dira. Elizkizunak ez dira salbuespen bat. Apirilean bertan behera utzi behar izan zuten Pasai Donibaneko Ostiral Santuko prozesioa. Ondoren, uda ate joka zegoela, elizkizunak berreskuratu zituzten, betiere segurtasun neurri guztiak betez. Antzekoak gertatu dira Oarso Bidasoko beste herrietan.
Udan leku askotako pertsiana asko jaitsi diren bitartean, Pasai Donibanen badago leku bat non ateak itxi beharrean, ireki egin dituzten aspaldiko partez. Bonantzako eliza urteetan zehar itxita mantendu da, eta soilik egun jakin batzuetan irekitzen zen. Jaietako San Pantaleon Egunean arrantzaleen omenez meza egiten da. Gaur (astelehena), berriz, Bonantzako Kristoren eguna ospatzen dute urtero. Gainontzeko egunetan ez zegoen sartzerik. Aurten, bisitariek zein bertakoek sarritan ikusi dute irekita elizako ate nagusia, barrura sartzera gonbidatuz.
Barruan, isiltasuna da nagusi. Eraikinaren aurrealdean dagoen ate nagusia zeharkatu ondoren, plazatik entzuten diren ahotsak eta zaratak desagertzen dira. Baitaratze lekua da herriaren amaieran dagoen itsas eliza. Ataria zeharkatu ostean, bigarren gela batera heltzen dira jakin-mina dutenak. Bertan, hesi batek bidea oztopatzen du. Bisitariek ezingo dute aurrera jarraitu, baina elizaren ikuspegi osoaz disfrutatuko dute. Eskuinean, itsulapiko batean, dirua utz daiteke. Otoitz egiteko asmoa dutenek bankuak dituzte gelan bertan eseri ahal izateko.
Pasai Donibaneko Aste Santuko hiru pauso gordetzen dira Bonantzan, hala nola: Kristo zutabera kateatuta, Nazarenoa eta Bonantzako Kristoa. Herriko kontakizun batek dioenaren arabera, azken pauso hau uretan topatu zuten arrantzaleek. Hiru pausoek elizaren erretaula apaintzen dute. Alboetan, bi aingeruk erretaula nagusia babesten dute. Eskuinaldean, Karmengo Amaren aldarea ikusi ahalko dute bisitariek, sanjuandarrek irabazitako Kontxako bi lehenengo banderen artean. Azken hori badiaren beste aldetik etorri zen, San Pedroko emakume baten dohaintza izan zen. Ezkerrean objektu ezberdinak daude ikusgai bi beira-arasetan. Sabaian, Pasaiako armarria ikus daiteke.
Datu historikoak alde batera utzita, Bonantzako elizak oso bertakoak diren ohiturak, sekretuak eta istorioak gordetzen ditu bere lau pareten artean. Pasai Donibane herri arrantzalea izanda, marinelen eragina oso nabaria da eraikinean. Garai batean, arrantzaleek lortutako irabazien parte bat elizako mantenurako erabiltzen zen. Gipuzkoako kostaldeko beste udalerri askotan gertatzen den moduan, elizan bertan itsasoaren eragina ikus daiteke dekorazioan. Sabaitik zintzilik dagoen itsasontzia horren seinale adierazgarriena da.
Herritar talde oso txikia izan da Bonantzako elizari bizia bueltatu diona. Uztailaren hasieran ekin zioten ateak irekitzeari, urteetan zehar ilunpetan eta ezkutuan mantendu den eliza bati argia emateko. Uda osoan ia egunero irekitzen zituzten eraikinaren ateak goizean goiz, eta afaldu baino lehenago ixten zituzten berriro.
Arduradunek ezin dute zehazki esan bertatik pasa direnen kopurua, baina oso argi dute ez dela jende gutxi izan.
Belaunaldi berria lanean
Badira urte dezente emakume talde txiki bat arduratzen zela eliza garbitzeaz eta orokorrean tenpluak eskatzen zuen gutxieneko mantentze lanaz. Urteak pasa ondoren, emakume horiek adineko izan, eta zaila egin zitzaien lan zamari aurre egitea. Eraikinaren ateak pixkanaka ixten ari ziren, eta bazirudien egoera horrek ez zuela atzera eginik. Elizak bere ateak urteetan zehar itxita mantendu ondoren, badirudi belaunaldi berri bat lekukoa hartzeko prest dagoela.
Hasteko, elizaren ateak ireki dituzte udan bisitariek zein sanjuandarrek eraikina barrutik ikus zezaten. Elizan bertan ere aldaketa nabariak egin dituzte. Bertan lanean dagoen boluntario baten arabera, hesian etxean topatutako irudi bat jartzea erabaki zuten, apaingarri moduan. Hurrengo egunean, bere alboan beste irudi bat agertu zen, ezezagun batek bertan utzitakoa. Hurrengo astean, lore sorta txiki bat ikusi zuten hesira lotuta.
Kutxetan gordeta egon diren oihalak, kandelabroak, loreontziak eta bestelako objektuak atera, garbitu eta elizan zehar kokatu dituzte egun eraikina txukuntzeaz arduratzen direnek. Lanean ari ziren batean oso anekdota bitxia bizi izan zutela kontatu du lantaldearen arduradun nagusiak: «Behin, ezkerrean dagoen erretaula txikiaren santuaren arropa ondo jartzen ari ginenean, gonaren azpian neurri txikiagoko bat aurkitu genuen ezkutatua».
Bonantzako eliza Donibaneko paisaiaren parte bihurtu zen aspaldi. Herriko historiaren zati txiki bat eraikinaren inguruan zein barruan garatu da. Fededuna izan edo ez, Pasaian dagoen basilika bakarra sanjuandar eta pasaitar guztien ondarea da. 1738 urteko eraikin historiko honen berpiztea martxan da. Bonantza, Pasai Donibaneko harribitxia, bueltan da. Gaurkoa du egun berezia.