Mineralen bila arituko dira igandean, Arditurri inguruan
Datorren igandean ibilaldi gidatua egingo dute Aiako Harria parke naturalean. Oraindik geratzen diren mineralen bila abiatuko dira.
Arditurri ingurua 2.000 urte inguruz ustiatua izan da, bertako barrunbeetako mineralak ateratzeko. Ia lau hamarkada dira jarduera industriala eten zenetik. Datorren igandean ondare hori bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da.
Mineral guztiak ez dituzte ustiatu, eta horiek ikusteko aukera egongo da igandean, 10:00etan hasita. Pare bat orduko ibilaldi gidatua egingo dute, elebitan. Lau euroko prezioa izango du helduentzat, eta 3 eta 12 urte arteko haurrek bi euro ordaindu beharko dituzte.
COVID-19aren kontrako segurtasun neurriak hartuko dituzte. Talde txikietan ibiliko dira, distantziak mantenduz. Eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da, eta norberak eraman behar du musukoa.
Izen-emateak eta informazio gehiago 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deituz edo Arditurri parketxearen e-mail helbidera mezu bat bidaliz.