LABek Pasaiako Portuko Agintaritzan dagoen botere hutsunea salatu du
Portuko langileen sindikatuak Felix Garciandia presidente ohiak dimisioa eman zuenetik nagusi den ziurgabetasunaren aurrean konponbideak behar direla aldarrikatu du.
Pasaiako Portuko LAB sindikatuak salatu du presidente ohiak, Felix Garciandiak, “kargua utzi edo kargutik bidali zu(t)enetik” bertako langileen artean ziurgabetasuna indar handiz hedatzen ari dela. Egoerari berehala konponbidea eman behar zaiola aldarrikatu dute, 1.500etik gora baitira kaialdearekin zuzenean lotuta dauden jardueretan lan egiten dutenak, eta euren etorkizuna bermatzea ezinbestekotzat dute.
Ildo horretan, aginte hutsunearekin inplikaziorik duten instituzio eta erakundeei eskatu diete “adostea portuaren etorkizuna modu errealista, iraunkor eta inguruko herriak zein hauen populua kontuan hartuko duen moduan”. Ildo horretan, hainbat proposamen ere luzatu diote Gasteizen osatu berri den gobernuari: Pasaiako azpiegiturak lehentasun bilakatzea, euskal portuetako enplegu publikoa sustatzea eta lan baldintzak hobetzea, besteak beste.